Eventos

 

37. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabaldu da. Irailaren 12a izango da Euskal Zine Bileraren (EZB) lehiaketan ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna. Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarraren 37. edizioa da aurtengoa. Euskal zineak badu jada hitzordua, azaroaren 23tik 29ra bitartean. Euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra da Bilera.

Iaz, euskal zinearen jaialdiak marka guztiak apurtu zituen. Lan talde berrituak; Lekeitiok euskal zinearen kaia izan behar zuela adierazi zuen urte hasieran. Erronka soberan bete eta 50 film baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara. 

Lehiaketa
Euskal Zine Bilerak betiko bi helburuei eutsiko die. Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu dira eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi da izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoriak mantenduko ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean. 

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen kategorian 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onena saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Iaz, Peio Gutierrezen Abuztua filmak irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Ohian Vitoriaren Etxehuts filmak.

Nahikoa ez bada, EZBk, euskal zinegile gazteak ere bultzatu nahi ditu, eta iaz egin bezala Gazte 22 saria emango da aurten ere. 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emango da. Iaz, Josu Ximun Billabeitiak (Belako) Euria lanarekin jaso zuen Gazte 22 saria.

Aurten gainera, Antzar Morea eta  500€ko saria banatuko du lehenengoz. Udaleko Berdintasun batzordeak, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta, halaber, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan.

Bileran parte hartzeko bidea ere moldatu egin dute aurten antolatzaileek. Pelikulak online aurkeztu beharko dira, UPTOFEST plataformaren bidez (www.uptofest.com). Hala ere, zuzeneko informazioa jasotzeko, telefonoak eta posta zabaldu du Euskal Zine Bilerak: 94 624 34 82 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com helbidea. www.zinebilera.com web orrialdean, informazio guztia eskegita dago.

Aukeraketa
Iazko arrakasta eta filmen aurkezte jarioa handitu daitekeela kontuan izanda, EZBk 50 film baino ez ditu onartuko lehiaketan. Gehiago jasoz gero, Aukeraketa Batzordeak azterketa eta selekzio lanak egin beharko ditu. Horretan, profesional eta amateurren arteko oreka mantendu egingo da.

Babesleak
Euskal Zine Bilerak aspalditik lagun dituen erakundeek bere horretan jarraituko dute aurten ere: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, eta BBK. Iaz, ZINEUSKADI gehitu zen lagun, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko produktoreen IBAIA eta EPE-APV elkarteek sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea. Elkarte honen xede nagusia, Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntza estrategikoa ematea da.