Eventos

 

Barikuan, azaroaren 21an Abaroa Berrirako proiektuaren aurkezpena egingo da. Udalak, beronek jaso behar duen proiektua herritarrengatik etorri behar dela uste du eta horregatik ohiko prozesu parte hartzailetik haratago doan prozesua planteatu du: ikerketa ekintza parte hartzailea Hiritik at elkartearen bitartez.  Helburua Abaroa Gunearen gainean, herritar asanblada bat sortzea izan da, guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jarri duena. Herriak berreskuratutako gune hori zertarako izan behar den, herriko beharrizanen arabera pentsatu eta diseinatu behar da. Herriaren garapen sozioekonomiko eta kulturalari erantzuten dion azpiegitura bat izan behar da Abaroa. Horregatik planteatu da lanketa era horretara.

Zentzu berean, herritar batzuen auzolanari esker, Abaroa Guneko ateak irekita daude udatik, eta dagoeneko lorategia herritarrek bere egin duten espazioa da. Bigarren pausua gune osoaren proiektua finkatu eta egonkortzea da eta horretarako egin dira astero astero asanbladak.

Irailetik azarora, hainbat herritar, kultur talde, kirol talde eta eragile sozialetako hainbat norbanako, astero astero batzartu dira Abaroa Gunearen etorkizuna marrazteko. Asanblada horietan, Abaroa Gunearen funtzioa, erabilera, gestio eredua edota finantziazioa moduak diseinatu ditugu. Galdera asko jarri ditugu mahai gainean: Nolako espazioa behar eta nahi dugu lekeitiarrok? Abaroa guneak funtzio bakarra edo anitza izan behar du? Nola berpiztu behar da abaroa? Zein dira herritarrek eta herriko eragileek dituzten beharrak? Nola antolatu eta asetu daitezke behar horiek abaroa gunean? Nork kudeatu behar du? Gestioa konpartitua izan behar ahal da? Guztion artean adostasunak bilatzea izan da gure helburua. Lan horretatik ateratako ondorio nagusiak hauek liratezke: kultura eta sorkuntzarako espazioa izango da Abaroa Gunea, motore ekonomikoa izan behar da eta autogestionatua.

Lan guzti horren emaitza Azaroaren 21an, ostiralarekin, aurkeztuko dugu, Ikusgarri Aretoan 20.00tan. Ezinbestekoa iruditzen zaigu egun horretan ahalik eta herritar gehien informatzea egindako lanaz eta adostutako ondorioetaz, horregatik udalak aurkezpen horretara etortzea animatu nahi ditu herritarrak. Azkenik, azpimarratu nahiko genuke Abaroa biztu! prozesua hasi besterik ez dela egin. Ilusioz eta gogoz beteriko bidea dugula gure aurrean.