Eventos

 
Abenduaren 3a euskararen eguna. Aurtengoan ere, ospakizunetarako, hausnarketarako edota aldarrikapenerako tarterik izango da euskararen egunean. Eta horretarako, ekitaldi ugari eta askotarikoak antolatuko dira Euskal Herriko luze zabalean.

Lehenik eta behin, euskararen egunak ospatzeko egun bat izan behar duelakoan gaude. Izan ere, euskara maite dugunok badugu zer ospatu 2013ko abenduaren 3an. Euskara bizirik da, baditu hiztunak, eta etorkizuneko ateak zabalik ditu oraindik ere. Baldintzarik gogorrenetan ere aurrera egin du euskarak, eta horrek etorkizunarekin baikor izateko arrazoiak eskaintzen dizkigu.

Geroa euskaraz eraikitzeko ordea, garrantzitsua da zertan ginen jabetu eta zein egoera daukagun ikustea. Eta gaur egun daukagun egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera, oso egoera soziolinguistiko ezberdin eta kontrajarriak dauzkagula ohartuko gara.
Oraindik ere, arrotz dabil euskara bere herriko hainbat eremutan, aitortza ofizialik gabe eta lege babesik gabe. Aldiz, nagusi da gure herriko beste hainbat eremutan.

Horregatik, tokiko errealitatetik abiatutako aurrerapausoak bultzatu behar ditugu. Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna. Gure udalerria euskararen arnasgunea da, zorionez; beraz, lehenik eta behin ezinbestekoa zaigu dagokigun aitortza ofiziala aldarrikatzea. Horrekin batera, gune hauen erabateko normalizaziorako beharrezko ditugun hizkuntza politika ausartak garatzeko baliabideak exijitzea dagokigu, legea bera ere beharren neurrira egokituz.

Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz, eta oro har, euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta hizkuntza batek, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar dituenez ezinbestean, udalerriok funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan.

Horregatik, garrantzitsua da udalerri euskaldunetako administrazioak batetik, gaiari beharrezkoa zaion garrantzia ematea, eta herritarrok bestetik, euskararen geroan jada jokatzen dugun paperaz jabetu eta euskararen inguruan sentsibilizatzea. Gure herriak erreferentziazkoak dira euskarari dagokionean, eta ondorioz baita bertako herritarrak ere. Gune hauetan egiten diren hizkuntza politikak, eta norbanakook egunerokoan ditugun hizkuntz ohiturak, jarrera eta joerek eragin zuzena dute euskararengan. Gure herritik abiatuta, herritar soilen inplikazioaz, elkarte eta eragileekin bat eginez eta instituzio publikoen laguntzaz pauso sendoak eman ditzakegu euskararen arnasguneak zabaltzeko. ...... Lekeitiotik inguruko herrietara, ..... Lekeitiotik Euskal Herrira.

Adierazpen instituzionala:

Lekeitioko udalak, 2013ko abenduaren 3an, euskararen egunean, ondoko adierazpena plazaratu nahi du:

- Lekeition euskara nagusi denez, hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko baldintzak daude. Udalerri euskaldunok, lege babesa eta baliabideak behar ditugu aurrerapauso sendoak eman ahal izateko.

- Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta beraz, Lekeitio bezalako udalerriek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzea ezinbestekoa da.

- Gure herria euskarari dagokionean erreferentziazko udalerria dela jakinda, Lekeitoren garapen sozioekonomiko eta soziokulturalak zein bestelako proiektuek sor dezaketen eragin soziolinguistikoa kontutan hartzeko konpromisoa hartzen dugu.

- Euskararen aurkako erasoekin amaitu behar da. Hainbat udalek onartutako hizkuntz irizpideen aurka jarritako helegiteak esaterako, kalte nabarmena egiten diete euskararen normalizazioari.

- Lekeitioko Udalak, herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean euskararen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

- Lekeitioko Udalak dei egiten die herritarrei euskaraz egin dezaten, erabilerak baitakar hizkuntzaren prestigioa eta, ondorioz, normalizazioa.