Eventos

 

Lekitto Bedarra, Atabaka eta Abaroako auzolan taldeak, ekintza bateratuak eginaz, hilero bakoitzaren esparruan Auzolan jardunaldiak egingo dituzte.

Hori horrela, taldeak hobeto ezagutzeko, helburuak konpartitzeko eta elkar lanean batak besteari laguntzeko helburuarekin, hileko 4. zapatuan batuko dira Usotegi parkean, Abaroa Jauregiko lorategian eta Irlan.

Talde bakoitzaren helburu nagusiak ondokoak dira:

ATABAKA: Ondarearen zaindari eta balorean jartzen duen taldea da eta Auzolan deialdiak eginez funtzionatzen dute WhattsApp talde baten bitartez. Azken ekintza, irlako errestoen azaleratzea izan da.

ABAROA : Abaroa Jauregiko parkean kokatuta daude eta helburu nagusi modura, aurretik zegoen lorategia irudikatu eta zelakoa zen argitzea da. Bestalde, taldeak, gazteekin tailer edo formakuntzak egin nahi ditu parkeko altzariez disfrutatzeko eta hauek egoera onean mantentzeko.

LEKITTO BEDARRA – Ortugintzako kultura berreskuratu nahi du eta ikastaroak antolatuz jendea formatu . Usotegi parkea ardatz nagusi modura hartuta, auzolana praktikatzea, harremanak sendotzea eta azken finean, disfrutatzea du helburu.

Jardunaldiok asteon hasiko dira, zapatu goizean, apirilaren 22an emango zaie hasiera Usotegi parkean eta horretarako hainbat lan ekintza prestatu dira.

Lekitto Bedarrak emango dio hasiera jardunaldiei eta bere nagusia Ortugintza denez, eguneko indar nagusia atal horretan kokatuko da eta lur prestaketatik aparte, tomate, pipar, kipula, zerba, orburu, kalabazin..etab-en landaketa egingo da adituen aholkuen laguntzaz.

Horretaz gain, eskailera eta ormen mantentzea Zakari igeltseroaren gidapen eta laguntzearekin ere burutzeko aukera egongo da .

Jardunaldia borobiltzeko, partaideek hamaiketako eder bat izango dute.

Hurrengoko ekintza bateratuak maiatzaren 27an (Abaroa Parkean) eta Ekainaren 24an (Irlan) izango dira.

Azkenik aipatu, herritarrak egindako " Auzolan bidea"ren 25. urteurrena ere badela aurten eta hori ospatzeko, bidearen inguruan ekintza sinboliko bat antolatuko da uztaila edo abuztuan.

Hitzaldi eta tailerrak ere antolatuko dituzte urtean zehar, jendea trebatu eta Auzolan filosofia eta pentsaera herrian ondo lerrokatzeko.

Hiru taldeek, herriko talde desberdin guztiei, deialdi honetara batzeko gonbidapena egiten die eta esku zabalik hartuko dituzte euren esparruetan Auzolan ekintza bateratuak egiteko proposamenei.