Eventos

 

Lekeitioko Udalak egitarau betea dakar aurtengo aratusteetarako. Beste behin ere jai hauen ospakizuna, herriko kultur taldeekin elkarlanean arituz, eramango du aurrera udalak. Lekeition kultur eskaintza zabala dugu. Aurten kalejirez beteta dator egitaraua, kalerik kale musika eta dantzaz alaitutako giroan hobeto sar gaitezen.

Otsailaren 7an hasiko dira ospakizunak, Sasikoipetsu egunean. Egun horretan, arratsaldeko 20:30ak inguruan kalejira izango da Aittitta Makurra taldeko txikirri-txikirriekin.

Otsailaren 9an, zapatuz, Kalderero eguna ospatuko dugu lekeitiarrok eta bertora hurbildutako bisitariek. Goizeko 10:30ean Aratuste Alai estudiantinaren kalejirarekin emango zaio hasiera egunari. 12:30ean Isidro Salinas enparantzan kaldereroen kanpamenduaren zabaltzeari ekingo zaio, eta sasikoipetsua ospatu. Bitartean, Nautika aurrean Lekitto Musika Bandaren eskutik kontzertua izango da. Ondoren, tradizioari keinu bat eginez, Aratuste Alai estudiantinakoek Aratusteetako abesti zaharrak kantatuko dituzte.

Arratsaldean, 18:30ean, berriz ere Estudiantinak emango die hasiera ospakizunei eta, Eusebio Maria Azkue kaletik hasita, herri guztia musikaz beteko dute. Ordu berean Etorkizuna Dantza taldearen ikuskizuna hasiko da, Aittitta Makurra txarangak lagunduta. Aurten, lehen aldiz, joaldunen laguntza izango dute jaia girotzeko. 

20.30ean, kaldereroen kalejira hasiko da berriro Isidro Salinas enparantzatik, Aittitta Makurra txarangak animatuta, limoiondoetan amaitzeko. Jarraian eta gauera arte Aratuste Alaik eta Aittitta Makurrak musika soinuez jantziko dituzte bazter guztiak.

Otsailaren 10ean, Aratuste egunean, goizean izango dira ikuskizunak. Alde batetik 12.30ean Eguzkilore Jubilatuen abesbatzak kontzertua emango du Marina eta Baserri tabernetan. Bestetik, 13:00etatik 15:00etara  Aittitta Makurra taldeko txikirri-txikirriekin kalejira izango da.

Astelehenean, aldiz, ikuskizun bakarra izango dugu: Itxaropena txistularien kalejira 19:30ean.

Otsailaren 12a lekeitiarrok gogo handiz ospatzen dugun eguna da. Turuturu egun honetan, goizeko 10.30ean Atean hasi eta plazan amaituko den ikastola eta eskolako ikasleen kalejira koloretsua izaten da. Ondoren, arratsaldeko 17.00etan Disko Arima Eroa disko-festa izango da plazan eta 18:00etan txokolatada emango dute txosna batzordekoek. Herri guztia mozorrotuta eta festarako gonbitea eginda, Aittitta Makurraren kalejira izango dugu.

Gogoratu baita ere, martxoaren 2an, zapatuz, 18:30ean kalejira izango dela, Etorkizuna dantza taldeko Iñude eta Artzainena.