Eventos

 

Uztailaren 2an 100 urte betetzen dira Lekeitioko abestirik ezagunetarikoa inspiratu zuen istorioa gertatu zena.“Aeroplano bi pasata, bat itsasora jausi...”

Uztailaren 2an, ongo domekan, San Pedro jai herrikoiekin bat eginik, 100 urte betetzen dira euskal kantutegiaren parte den abesti honetan kontatzen den istorioa gertatu zena.

Hori dela eta, mendeurrenaren ospakizunean, San Pedro jaien egitarauan ekitaldi berezia egingo da,domekan 18:00etan portuan.

1917ko uztailaren 2an, Kantauriar kostaldea ikuskatzen omen zeuden ur-hegazkin frantziar bi pasatu ziren Baionatik Matxitxakorantz arratsaldeko 17:00ak aldera. Ordu betera, bueltan zetozela, hegazkin bietatik bat itsasoratu egin zen, matxuratuta, Lekeitioko portutik bospasei milietara.

“Miren Begoña” ontziak ekarri zuen Itsas Armada frantziarraren aeroplano matxuratua Lekeitioko barraraino. Arratsaldeko 20:30ak aldera heldu zen komitiba, ikuslez gainezka zegoen Lekeitioko portura. Severiano Mendiola zen “Miren Begoña” ontziko patroia. Bertan egunean ezin izan zenez egin, biharamunean alkateak Bizkaiko Gobernadore Zibilari telefonoz deitu zion eta karta bat bialdu, gertakizuna azaltzeko. Orduan hasi zen korapilo diplomatiko-burokratikoa… Biharamunean, frantziar arrantzontzi armatu bi etorri ziren isla atzera eta nagusia batelean hurbildu omen zen Lekeitiora.

Badirudi, frantzesak Sabino Erkiagarekin (Sabino Marraxua), “Ama Antiguakua” ontziko patroia, jarri zirela harremanetan, hegazkina portutik ateratzeko asmoarekin, baina Bilbotik heldutako aginduak zirela eta ez zuten ezer lortu eta arratsaldeko laurak aldera alde egin zuten.

Asentsio Gezuraga Komandantziako arduraduna zen (cabo de mar). Asentziok, gertatzen ari zenaz

ohartu zenenan, Sabino Erkiagari hegazkina ez ateratzeko agindua eman zion, arazo larriak egongo zirelakoan. Ur hegazkin frantzesa uztailaren 5era arte egon zen Lekeitioko portuan, itsas agintaritzek arazo burokratikoak konpondu zituzten arte.

Lekeitiarrek kanta atera zioten gertakizunari:

Aeroplano bi pasata bat itsasora jausi (bis).
Ekarri
Severianok ekarri (bis) Severianok
barran pondo emonda itxi. Goixeko sei tt’erdijetan
Asentsio burutsik (bis).
Sabiño
ezeik eruan Sabiño (bis)
ezeik eruan
bestela danok preso.