Eventos

 

Lekeitioko Eskola Publikoa patioa eraldatzen dabil. Eraldaketa prozesu honetarako Elkartoki programan murgildu da eta honen inguruan erakusketa antolatu du Barandiaran aretoan asteburu honetan, apirilaren 29 eta 30ean.

ELKARTOKI eskolako patioen markoan garatzeko programa da.

Elkartokin sorkuntza eta diseinu tailerren bitartez ikasleek eskolako patioaren espazioan eta erabileran eragiteko lanak, artefaktoak eta esku-hartzeak asmatu eta eraikitzen dituzte.

Programak eskolako patioen espazioaren azterketa, honen gaineko hausnarketa eta azkenik, honen sorkuntza eta eraldaketa fisikoa proposatzen du, eskola-komunitatea eta bereziki ikasleak, diseinu eta sorkuntza prozesuaren zentruan kokatuz.

Tailer artistiko, produktibo eta batzordeetan zehar, hezkidetza eta partehartzeaz gain, artea eta diseinua lantzen dira, patioaren eraldaketa fisikoa gai hauetan sakontzeko bitarteko gisa landuz. Horrela, bloke ezberdinetan egituratutako programari esker, umeek eskolako patioen gainean eragiteko helburua izango duten lan artistikoak zein arkitektonikoak garatzen dituzte: jolastokien inguruko hausnarketa, diseinu berria eta eraikuntza fisikoa ikasleek garatuko dute. Horrekin batera behin betiko diseinuak eta eskuhartzeak erabakitzeko bitartekoak ere sustatzen dira, funtzio horretarako sortuko den ikasle batzordearen bidez.