Eventos

 

38. Euskal Zine Bileraren aurkezpena egin dugu gaur Bilboko BBK aretoan. Euskal Zine Bilerako kide Joseba Zuberogoitia eta Lekeitioko Udaleko Alkatea, Koldo Goitia eta Kultura Zinegotzia, Mertxe Arrizubietarekin batera, bertan izan dira Gotzon Sanchez edizio honetako epaimahaikidea. Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Leire Aragon, BBK Gizarte Ekintzako Zuzendaria eta Aritza Escandon, Topaguneko ordezkaria.

Areto betearen aurrean, prentsari aurkeztu diogu aurtengo egitaraua eta Iker Ayestaranek egindako kartela. Euskal zinearen hitzordua azaroaren 22tik 29ra izango dela zehaztu dugu. 8 egunez euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra izangu dugu Lekeition. Aurten, 41 film lehiatuko dira, horietatik 10 film profesionalak eta 31 lan amateurrak. Oinarrizko ekimen kulturala da Euskal Zine Bilera, euskal zinemagintzaren festa.

8 egunetako egitaraua aurkezten dizuegu. Protagonista nagusia zinemagileak dira. 15.000 euro ditugu saritan, bi kategoriatan amateurrak eta profesionalak sarituz. Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Epaimahai lanetan Aitor Merino, Gotzon Sanchez, Oihana Garro, Iban Gonzalez eta Izaskun Álvarez izan dira. Amaiera ekitaldian azaroaren 28an egingo da. Orduan banatuko dira sariak eta Benito Ansola Bekaren lan irabazlea zein den jakitera emango da.

Lekeitioko Berbaldia, zinemagileen oinarrizko bilera
Euskal Zine Bilera baina ez da lehiaketara mugatzen. Lehiaketa baino topagunea da gurea. Horregaitik azaroaren 28an bertan, goizeko 12etan,  bigarrenez Lekeitioko Berbaldia antolatu dugu. Oraingoan, euskarazko film laburrei zuzenean kolpatuko diegu, “Euskal Film laburren kartografia” deituriko mahainguruarekin. Nolakoa da euskarazko film laburren egungo egoera? Zenbat sortzen da? Zeintzuk dira horiek ekoizteko baldintzak eta finantzatzeko ereduak? Mahaingurua osatuko dute: Txema Muñoz, Kimuak film laburren programako zuzendaria, Jon Garaño, Zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea, Maider Fernandez zinemagilea eta Las Chicas de Pasaik-ko partaidea, Kepa Sojo Zuzendaria, gidoilaria eta historialaria eta Miren Manias euskarazko zinemagintzan ikerkaria. Beraiekin batera hainbat zinezale eta zinegileek euskal film laburren hausnarketa kolektiboa egiteko tartea hartuko dute.

Euskal Zinearen Begirada, zinemagileen oinarrizko bilera
Euskal Zinearen Begiradak zinemagile bat gertutik ezagutzeko tartea eskaintzen du. Aitor Mazori zuzenduko zaio horrela, 2015eko Euskal Zinearen Begirada. Alabaina, joan den maiatzean Aitor Mazoren heriotza dela eta, Euskal Zine Bilerak argi ikusi du beroni tarte bat eskaini behar zaiola. Azaroaren 26an Mazoren zinemagintzako jardunbideari errepasoa egin eta berau omenduko dugu Aitor Abaroa Kazetariarekin. Ondoren, Patxo Telleriarekin batera zuzendutako Bypass filma ikusteko aukera izango dugu.

Saridunen emanaldi berezia
Batek esango luke  labur gelditzen zaigula zinemaldia. Lehenengoz domekara arte luzatuko da euskal zine bilera. Domekan goizeko zine emanaldi berezi bat izango dugu: 38. Euskal Zine Bileran saritutako filmek osatutakoa. Luxua!

Badator bada Euskal Zinearen hitzordua. Azaroaren 22an izango da Irekiera ekitaldia. Silvia Manzana, Kepa Errasti eta Jon Ander Alonsok gidatuko dute Irekiera ekitaldia. Bertan, 38. Euskal Zine Bilerako filmen errepasoa egin eta epaimahaia aurkeztuko dugu oholtza gainean. Horrez gain, betiko moduan, urteko euskal ekoizpen esanguratsuena ekarri nahi izan dugu gurera. Aurten, beraz AMAMA filma izango dugu Lekeition.  Ondoren, Asier Altuna zuzendaria eta filmeko aktore nagusiak gurekin izango dira, Aitor Abaroak gidatuko duen solasaldiarekin.

Euskal Herri osoko txoko guztietako zinemagile eta zinemazalez beteko da azaroa amaieran Lekeitio. Badator EUSKAL ZINEAREN HITZORDUA.

 PRENTSA DOSIERRA

 EGITARAUA