Eventos

 

Euskararen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak zapatu goizean. Goi mailako hiru hizlariren bitartez, euskararen inguruan hausnartzeko tartea hartuko dugu bertan. "Euskaraz, bestela ez gara" jardunaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira Kultur Etxean eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo dute. Hitzaldiz hitzaldi ateak zabaldu eta 15 minutuko tarteak izango dira. “Euskaraz, bestela ez gara” jardunaldiak, Lekeition euskararen erabilerak izan duen beherakadaz kezkatuta antolatu den ekimenetako bat da.
 
Fermin Etxegoien (Oñati, 1966 - ) artikulugile, idazle, kazetari eta irrati esataria izango da lehena. Goizeko 10:00etatik 10:45 ingurura,  euskararen erraztasunaren mitoaren inguruko hausnarketa plazaratuko digu. Bere ustetan, euskararen erabilera ez doa gora, euskararen ezagutza ere ez doalako gora, izan ere, mito berri bat sortu delako, euskara hizkuntza erraza dela. Euskararen zailtasunaren mitoa desegin ostean, erraztasunaren mitoa deuseztatu behar dugula defendatuko du Etxegoienek, oztopo bilakatu baita  euskararen zabalpenerako.
Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966-) bertsolaria eta Arrasateko HUHEZIko irakaslea da jardunaldietako bigarren hizlaria. Honek Hiztunpolisaz berba batzuk eskainiko dizkigu. Euskararen loraldi modernoan bost hamarraldi egin eta gero, nola goaz? eta, nora goaz? galderak egiteko unean gara. Ez da erraza erantzutea, ur nahasiak baitatoz hainbat arrazoirengatik. Hala ere, hurrengo pausoak pentsatzeko oinarri batzuk eta ekintzarako ideia organiko batzuk eztabaidatzea posible da, esku artean daukagunarekin.
Azken hizlaria Joxerra Gartzia Garmendia (Legazpi,  1953 - ) izango da, euskal idazlea, kazetaria eta EHUko irakaslea. Honek sinplea dirudien galdera batekin hasiko du bere solasaldia. Zertarako balio du euskarak? Gartziaren ustez, euskarak berak ez badio hiztunari hobeto bizitzeko balio, eta kontuan hartuta gaur egun ez dagoela euskarazko elebakardunik, hiztunak zerbitzu hori egiten dion beste hizkuntzara joko du egoerak hala eskatzen dion aldiro. Ez du ukatzen hori baino aurreragoko lanik ez dagoenik (hiztun eta alor kopuru gutxieneko bat, legearen eta gizartearen babesa…). Dioena da gainerako guztiak alde edukita ere ez garela oso urrutira iritsiko euskara aizkora bihurtzen ez dugun bitartean.

Eguerdiko 13:00ean berriz, hiru hizlarien artean egindako mahai-inguru bati emango zaio hasiera. Eguerdiko 14:00etan jardunaldiak amaituko dira.