Eventos

 

Martxo Morearen azken ekitaldia martxoaren 20an izango da. Azkue Aretoan Ekonomia Feministaren ildotik, Etxeko lanetan eta zaintzan dohaintzan emandako denboraren inguruan hitzaldia emango du Matxalen Legarreta Izak. Hain zuzen ere, bere tesi lanean oinarritutako hausnarketa batzuk plazaratuko ditu Matxalen Legarretak. Honek 2012. urtean "El tiempo donado en el ámbito doméstico-familiar. Un estudio sobre el trabajo doméstico y los cuidados" tesiarekin nazioarteko doktoretza lortu zuen Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Bere ikerketa eta interes gai nagusiak etxeko eta zaintza lanak, etxekotasuna eta denboraren soziologia dira. Bizitzaren iraunkortasuna erdialdean jartzearen aldeko apustua egiten duen ikuspegi feministatik egiten du lan.
 
Lekeitioko Udalak kalean egunerokotasunean indarrak metatzen dabiltzanekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du. Potxuak Martxan emakume taldearen lana goraipatu eta txalotu nahi da horregatik. Emakumea eta Berdintasun Batzordean parte-hartzearekin batera, ezinbesteko lankidetza eskaintzen dute. Lekeitioko beste talde batzuen antzera, herritarron indarraren, auzolanaren eta parte hartze aktiboaren adibide esanguratsua dira dudarik gabe.

Lekeitioko Udalak guztion erantzukizuna dela deritzo generoen arteko desberdintasunak eta botere harremanak jendartean erroturik dauden egiturazko arazoei aurre egitea. Hori horrela dela, uste du erakunde publikoek esku hartzeko betebeharra dutela nork bere eskumenen barnean. Udalak egiten dituen politika eta ekintza guztiek genero-ikuspegia ere barnean izan behar dute, emakume eta gizonen artean eraiki diren ezberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko.