Eventos

 

Zapatuan egingo dira Ikasturteko azken topaketak. Arrauna egingo dute Isuntzaren eskutik LH1 eta LH2ko ikasleek eta skate-arekin trebatuko dira Komando Ranpa Bakorekin LH3-LH4koek. 
Hirugarren urtez, Lekeitioko udalak, Multikirol Proiektua abiaraziko zuen 2014 urriaren 18an eta ikasturte honetan, bederatzi topaketa antolatu dira, urritik ekainera bitartean emango direnak.

Lekeitioko Udaleko kirol batzordeak sustatutako proiektua da, Udalak onartutako kirol irizpideen ondorioetako bat da hain zuzen ere. Herriko kirol talde eta ikastetxeen babes osoa izan du berriz ere. Udal Multikirol proiektua egonkortuta egoteaz gain, urtetik urtera hasten doan egitasmoa da. Proiektuak, lekeitioko eta inguruko herrietako umeak elkar ezagutzea ahalbidetzen du: ikastetxeetako zatiketa gainditu, eta ikastola zein eskoletako umeak elkarrekin aurkitzeko gune bat izan nahi du.

Udal Multikirol proiektuaren helburuak

  1. LH 1-2-3-4 mailetan umeek kirol ugari landu eta ezagutu ditzatela. Adin aproposa da oinarrizko gaitasun fisikoak lantzeko eta kirol ezberdinak dituzten trebetasunak ezagutzeko, bizitzeko eta ikasteko.
  2. Lehiaketara bideratutako kirola ez egitea bakarrik maila hauetan. Entrenamendua, partidua eta emaitza triangelua apurtzea. Nagusien eta telebistako eredutik urruntzea.
  3. Topaketa ereduaren alde egin nahi dugu adin hauetan. Parte hartze zabala, maila eta gaitasun ezberdinak dituzten umeak elkarrekin aritzea, emaitzak garrantzia galtzen du, gurasoen parte hartzea posible da, jai giroa dago.
  4. Herrian dauden kirol aukera guztiak ezagutu. Herriko kirol taldeak gure proiektura ekarri eta umeak ez banatu kirol taldeetan adin hauetan.
  5. Balio indibidualak eta batez ere balio sozialak landu jolas eta kirolen bidez. Pertsona sozialak gara eta gure harremanetarako egokiak izango diren balioak ezagutarazi eta garatu behar ditugu gure ikasle eta alaba-semeetan (errespetua, elkarlana, elkartasuna…).