Eventos

 

Lekeitiarrak kultur trafikanteak gara, hemengoa eraman eta hangoa ekartzen dugu: euskal panorama eszenikoan punta puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko: Hamlet, Konpota, KEU, Pankreas eta Kibubu izango dira lehenak.
 
Badira hilabete batzuk udalak Ikusgarri zinema herrirako areto moduan erabiltzeko apustua egin zuenetik. Hain zuzen ere, kultur areto bat izatearen garrantziaz jabetuta, irailean alokairua sinatu genuen aretoaren jabea den parrokiarekin.

Kultur eskaintza eta ekipamendu egokiak indartzeko asmotan, Ikusgarriren erabilera zine emanaldietatik harantzago eraman nahi da. Aretoa Euskadiko Antzokien Sarean onartua izan da eta horrek arte eszenikoen programazio trinko bat bermatu du. 2014. urtea ekitaldiz beteta dator, urtean 8 ekitaldi programatu behar baitira, gutxienez, sare horretan egoteko. Euskal panorama eszenikoan punta-puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko.
 
Izan ere, Lekeitio Kultur Kaia dela diogun heinean, udalak argi dauka kulturaren arlotik tira egin behar dela. Argi dugu, daukagun aktibo garrantzitsuenetako bat kulturan bertan aurkituko dugula. Lekeitiarrak kultur trafikanteak gara: hemengoa eraman eta hangoa ekartzen dugu.

Esan bezala, udalak erabilera anitza eman nahi dio Ikusgarri aretoari. Horretarako Ikusgarri aretoaren Erabilera Araudia laster aurkeztuko dugu. Zentzu horretan kultur talde eta erakundeekin harremanetan gaude. Lehenengo seihilabetekoan, esaterako, Potxuak Martxan emakume taldeak ikuskizun berezi bat prestatu du martxoaren 8rako. Aittitta Txiki kultur elkarteak ere bertso saioa antolatuko du aretoan Iparraldeko Haizeen ospakizunen barruan. Lekeitioko ikastolak, bestetik, Konfiantzaren pedagogiaren lehengo biltzarra antolatu du bertan maiatzerako, eta  ikastetxearen 50. urteurrenera begira beste bi ekitaldi antolatu ditu.

Laster, Ikusgarri Aretoaren Erabileraren inguruko araudia onartu nahi da. Horrela, erabilera erregulatu eta guztion artean kultur programazio bikain bat eraman dezakegu aurrera, Lekeitioren garapen ekonomikoaren lagun izan daitekeena.

Euskadiko Antzokien Sareko lehen hiru ikuskizunen sarrerak salgai jarri dira jada Kultur Etxean:

HAMLET: Xabier Mendigurenek idatzi du euskarazko egokitzapena, zeinaren arabera Hamlet XXI mendeko euskalduna den. Milaka ispilu eta esanahi dituen pertsonaiari beste irakurketa berri bat egin dio, beraz. Ximun Fuchs-en esku geratu da antzezlanaren zuzendaritza eta taula gainean Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo izango dira.

KONPOTA: Dxusturi antzerki-taldeko kideen laguntzarekin Phillipe Gaullierren Konpota lana taularatuko du Eneritz Artetxek. Gaullierren lan bat euskaratzen duten lehen aldia da, hala, Frantziako idazlearen lana ezagutzeko aukera paregabea izango da. Philippe Gaulierren lan guztiek bezala, Konpotak ere umorea eta hausnarketa batzen ditu. Ironiaren bidez lantzen dute umorea, baina gai garrantzitsuez egiten dute berba.

KEU: Estilo desberdinetan idazten eta interpretatzen duen gitarjolea, abeslaria eta konposatzailea da Keu Agirretxea. 1973. urteko uztailaren 29an jaioa Ondarroan. Herriko hainbat taldeetan parte hartu ondoren (Hilobi, KTI, Psychophony…), talde eta proiektu desberdinetan parte hartu du azken 20 urteetan: Etsaiak-ekin, 5 disko grabatu zituen eta ehunka kontzertu eskaini zituen; Fjordekin, disko bat; Governorsekin, disko bat; eta Uekekin, 6 disko, horietako hiru instrumentalak. Zuzenean Euskal Herrian, Estatu Espainolean, Londresen, Parisen, Mexikon eta Kuban eskaini ditu kontzertuak. ¨Une akustikoa¨ (2008) eta ¨Denbora vs kantuak¨ (2010) diskoekin soinu akustikoak berreskuratu zituen, Zain proiektuarekin 1998an hasi zituenak. “Gazta zati bat” soinu banda proiektuan ere parte hartu du Esne beltzako kideekin. 2013ko udazkenean kaleratu du ¨Behe presioaren erdigunean¨, bere 16. estudioko lana eta azaroan hasi zen zuzenean aurkezten Fignuh Experience laukotearekin.

 

 

DATOZEN HILEETAKO KULTUR PROGRAMAZIOA

Otsailak 28 / barikua / 20:00 / Antzerkia
Hamlet
Artedrama eta Le petit théâtre de Pain eta Dejabu panpin laborategiak ekoiztua.
Ikusgarri zinean / Sarrera:10,00 €
 
Martxoak 07 / barikua / 20:00 /  Antzerkia
Konpota
Eneritz Artetxeren eskutik.
Ikusgarri aretoan / Sarrera: 5,00 €

Martxoak 08 /zapatua/ Ekitaldia
Emakumeen ikuskizuna
Potxuak Martxan
 
Martxoak 15 / zapatua / 22:00 / Musika emanaldia
KEU

Ikusgarri zinean / Sarrera: 5,00 €
 
Apirilak 26 / zapatua / 19:00 / Antzerkia
Pankreas
Tartean Teatroa.
Ikusgarri aretoan / Sarrera: 5,00 €
 
Apirilak 27 / domeka / 17:00 / Umeentzako antzerkia (6 urtetik gora)
Kibubu

Marie de Jongh (“Alabatxo”ren egilea)
Ikusgarri aretoan / Sarrera: 3,00 €

Maiatzak 9 eta10 /zapatua eta domeka/ Biltzarra
Konfiantzaren pedagogia 1. Biltzarra
Lekeitioko Ikastola

Maiatzak 16 /barikua/ Bertso Saioa
Iparraldeko Haizeak
Aittitta Txiki

Maiatzak 23 /barikua/ 19:00 eta 21:00 /Antzerkia
50. Urteurrena
Lekeitioko Ikastola

Ekainak 13/ barikua /16:00 eta 17:30 /Musika
HH eta LH-koen Musika Emanaldia
Lekeitioko Ikastola

Ekainak 25 > 26 / 19:00 / Musika emanaldia
Lekitto musika eskola.
Ikusgarri zine-aretoan.