Eventos

 

Datorren astean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta umorezko bakarrizketak egingo dira Lekeition. Lekeitioko Udalak antolatutako “Ze hizkuntzatan egiten duzu barre?” izenburupean ekimenak euskararen erabilera bultzatu nahi du gazte eta helduengan. Hain zuzen ere, solasaldi ez formaletan ematen da erdararen erabilera handiena, askotan umoreari lotuta. Ekimen hau umorea euskararen bitartez lantzeko saiakera bat da.

Zuhaitz Gurrutxaga, Ion Martinez eta Olatz Pagaldayren eskutik datoz helduentzako umorezko bakarrizketak. Zuhaitzek estreinatuko du lehenengo bakarrizketa abenduaren 5ean, barikuan, gaueko 22.00etan Ikusgarri Aretoan “Futbolisto baten konfidentziak” izenburuarekin. Bigarrena, hurrengo astean izango da, abenduaren 12an, barikuan, gaueko 22.00etan Ikusgarri Aretoan Ion Martinezen “Mil a zien. Baietz parrez lehertu” izenburu duen bakarrizketa. Azkenik, hiru aste barru, abenduaren 26an, barikuan, ordu eta leku berean Olatz Pagaldayaren eskutik “Erdaldun berrien kluba” bakarrizketa izango dugu ikusgai.

Sarrerak martitzenetik, abenduaren 2tik, aurrera izango dira salgai Lekeitioko Kultur Etxean eta bakarrizketa bakoitzak 2€ balioko du, hiruretara joan nahi izanez gero 5€ balioko ditu bonoak.

Bestetik, abenduaren 5ean, barikuan, arratsaldeko 18.30etan Barandiaran Aretoan mahai-ingurua izango da “Lekeitioko gazteak eta euskara” izenburupean.