Eventos

 

Datorren zapatuan, abuztuaren 13an, Lekeitioko Baserri Azoka ospatuko da Independentzia plazan. Azoka goizeko 10:00tan zabalduko da arratsaldeko 15:00ak aldera arte. Berton aukera izango dugu inguruko baserriko produktu ederrenak erosteko.
 
 Uda sasoian Lea-Artibain antolatzen den nekazaritza-elikagaien azoka nagusietakoa da Lekeitiokoa. Aurten, ohikoa den bezala, giroa jatorra eta herrikoia izango da nagusi Lekeitioko Baserritarren azokan. Azoka, bertoko ekoizle zein bizilagunentzat ospakizun gastronomiko ederra izaten da.

Bertoko produktuak erosteaz gain, okela pintxo gozoak dastatzeko aukera izango dugu Lekeitioko Baserri azokan. Aurten ere, txahal erretzea egingo da Independentzia plazan,  Eusko Label txahal okelaz eginiko pintxo ederrak dastatzeko aukera izango dugu.

Pintxoak dastatu ahal izateko, txartelak erosi beharko dira azokan bertan. Pintxoak dastatzeaz gain, taloak, Lea-Artibaiko sagardoa eta txakolina erosi zein edateko aukera izango dugu azokan, baita ere.

Azokan 33 postu jarriko dira Independentzia plazan ekoizleek salmenta zuzena burutu dezaten. Lekeitioko azokan guztira 23 ekoizle eta 10 artisau izango dira produktuak zuzenean saltzen. Azoka honetan ekoizleekin harreman zuzena izateko aukera izango dugu.

Parte-hartzaileak:

  • Arrain kontserbagile bat.
  • Hiru gaztagile: Idiazabal gazta eta ahuntz gazta.
  • Hiru Okin eta gozogile bi.
  • Ahatekien ekoizle bi.
  • Eztigile bat.
  • 6 Ortuzain.
  • Txerrikien ekoizle bi.
  • Baserriko hanburgesa saltzaile bat.
  • Barazki eta fruta kontserben ekoizle bi
  • 3 Sagardo eta txakolin ekoizle.
  • 10 artisau. Euskal pilotak, ehun tailerra, egur tailaketa, arrantzale estiloan eginiko arropak, artisau bitxiak, eta abar….
  • Txosna (talogilea)
  • Txahal erretzailea. Eusko Label okela

Azokaren antolatzaileak Lea-Artibaiko baserritarrak eta Landa Garapenerako Alkartea dira.

Beraz, Lea-Artibaiko LGA-ak Baserri azokaren edizio berri honetarako gonbitea luzatu gura dizuegu. Itxaropena dugu zapatuan guztiok azokan egun giro apartaz gozatuko dugula eta egun ahaztezina izango dela guztiontzat.