Eventos

 

Otsailaren 28an, zapatuz, merkatu plazaren aro berriari hasiera emango dion jaialdia ospatuko dugu. Zapatuko azoka, musikaz, ikastaroaz eta jana eta edariz lagunduta helduko da. Jaialdiaren helburua herritarrak merkatu plazara gerturatzea da, horrela salerosketa gunea indartzeaz gain, merkatu plaza herritarren topaleku bihurtu nahi da.  Hain zuzen ere, otsailaren 6tik aurrera, herritar ororentzat  zabalik  dago goiko solairua, goizeko 9:00etatik 21:00etara.
 
Goizeko 10:30etan Talo Ikastaro batekin hasiko dira ospakizunak. Lekitto Bedarraren eskutik, herritarrek taloak egiten ikasi ahalko dute. Horrez gain, taloen eta edarien txosna bat ere jarriko da, musikaz lagunduta. Ondoren, merkatu plaza indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko eramandako lanak azalduko ditu Maitane Larrauri alkateak. Hain zuzen ere,  udalak garapen ekonomikoko gune garrantzitsutzat  dauka merkatu plaza, komunitatean eta herri honen garapen sozial eta ekonomikoan zuzenean eragiten duelako. Honen harira, Xabat Galletebeitiak bertso batzuk luzatuko ditu alkatearen hitzen ondoren.

Arratsaldean berriz, 17:00etatik aurrera, Lekeitioko Aisialdi Taldearen eskutik, umeentzako antzinako jolasetan ibiltzeko aukera egongo da eta ondoren txokolatada izango da.

Jaialdi honekin merkatu plazaren aro barri bati eman nahi diogu. Hazkundea ulertzeko beste erarik badagoela sinesten dugulako jarri dugu martxan eraberritze programa hau. 31.000€ inbertsioarekin eraman dira aurrera eraberritze lanak.