Eventos

 

Mireia Arrilaga lekittarra Kailua Konan (Hawaien) ospatuko den munduko IronwoMan txapelketarako sailkatu zen abuztuaren 20an Copenhaguen ospatu zan IronManean, bere kategoriako lehen postua lortu ondoren.

Sailkapen hau lortzea marka itzela da triatloi munduan dabilen edozein kirolarirentzat, baina... badauka kiroletik haratago doan aldea ere: ekonomikoa.

Hori horrela, Lekeitioko Udala eta Garraitz Kirol Taldea abuztutik elkarlanean dabiltza Mireia urriaren 14an egingo den froga garrantzitsu horretara joan ahal izateko.

Abuztuaren 30ean, adibidez "Txarriboda eta Sagardo Festa" antolatu zen plazan Hazi fundazioa eta Eusko Label -aren kolaborazioari esker. Batu zen dirua Mireiarentzat zuzendu zen.

Datorren barikuan, irailaren 22an, Mireiaren aldeko beste ekimen bat antolatu dute Lekeitioko Udalak eta Garraitz Kirol elkarteak: zesta punta partiduak.

3 partidu jokatuko dira 19:00etan Lekeitioko frontoian. Lehenengo partidan Galletebeitia eta Galletebeitia II Bidaburu eta Learretaren kontra arituko dira. Bigarren partidan Olharan eta Lopez, Egiguren eta Erkiagaren kontra eta hirugarren eta azken partidan Retolaza eta Lekue, Gaizka eta Elkoro I-aren kontra.

Sarrera 10 eurotakoa izango da eta salgai daude Kulturetxean eta kiroldegian. Batutako zenbatekoa, Mireia urriaren 14an Hawaiera joan ahal izateko bideratuko da.

Bestalde, Garraitz Kirol Taldeak Mireiari laguntzeko ondoko kontu korrontea ere jarri du nahi duenak bere aportazioa egiteko: ES86 2095 0050 3338 3003 7603 (Garraitz Kirol Taldea)

Denon artean eta laguntasunarekin, Mireiaren ametsa posible izatea lortu dezakegu !!