Eventos

 

Cielo Raso dantza garaikideko konpainiaren Karaoke udaberriko egitarauko sorpresa da.

Ikusgarri Aretoko apirila, maiatza eta ekaina bitarteko programazioa aurkeztu da. Udalak, Aittitta Txiki Kultur Elkarteak, Musikaia Musika Elkarteak eta Azkue Ikastolak prestatu dute egitaraua. 

JOSEBA B LENOIR DUO musika ikuskizuna izango da lehena taularatzen. Joseba B. Lenoir Felix Buff bateriajolearekin batera prestatu duten musika ikuskizun berezia izango da Ikusgarri Aretoan apirilaren 24an barikua, 20:00ak 5 eurotan.

Ondoren Iparraldeko Haizeak jaialdiaren baitan, BERTSO SAIOA izango dugu Aittitta Txiki taldearen eskutik. Oholtza gainean, ohikoak diren Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin batera, Nerea Ibarzabal, Jon Maia, Iker Zubeldia eta Xabat Galletebeitia bertsolariak izango dira. Gai jartzaile berriz Josu Goikotxea egongo da. Bertso saioa maiatzaren 15ean, 22:30etan izango da 5 euroren truke.

Egitarauko izarra KARAOKE dantza garaikideko ikuskizuna da. Modu honetan, udalak arte eszenikoetan beste pausu bat eman nahi izan du, dantza garaikideko punta puntako konpainia bat Lekeitiora ekarriz. Helburua, herritarrak dantza garaikidera hurbildu eta Euskal Herriko areto garrantzitsuenetan dabilen ikuskizuna ikusteko aukera ematea da. 10 euro balio ditu sarrerak eta maiatzaren 29an izango dugu ikusteko aukera arratsaldeko 20:00etan.

Ekainean berriz musikan oinarritutako bi ikuskizun izango ditugu. Lehena, ekainaren 5ean Azkue Ikastolak urteroko bi musika emanaldi emango ditu, arratsaldeko 16:00etan HHkoak izango dute aukera eta 17:30etan LHkoak. Ekainaren 17, 18 eta 19an berriz 2.ASTE MUSIKALA izango dugu Musikaia Musika Elkartearen eskutik. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango dira funtzioak eta azken egunerako antzerki musikala prestatu dute.

Proposamenak aurkezteko tartea
Udalak Ikusgarri zinema herrirako areto moduan erabiltzeko apustua egin zuenetik, eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa egonkortzen saiatu da . Aretoa Euskadiko Antzokien Sarean onartu zuten iaz eta horrez arte eszenikoen programazio trinko bat bermatu du. Euskal panorama eszenikoan punta-puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko. Horrez gain, Lekeitioko kultur taldeek ere ikuskizunak antolatzeko areto bat irabazi dute. Dagoeneko hasi gara udako egitaraua prestatzen eta Lekeitioko kultur taldeei deia egiten zaie proposamenak ahal bait arinen aurkezteko.