Noticias

 

Lehenbizi Lekeitioko Udalak Jai Batzordeko kideak zoriondu nahi ditu 2017ko San Antolinetarako prestatutako egitarauagatik eta honek izan duen arrakastagatik. Eskerrak eman baita ekintzak aurrera eramatea posible egiten zuten koadrila, boluntario, talde eta udal-langileei ere.

Egitarauko ekintzek herritarren aldetik erantzun bikaina izan zuten, besteak beste, eskertzekoa da adibidez irailaren 1erako mozorroak prestatzen jendeak izan duen dedikazioa baita goizetik giro ona sortzen ere, bestalde Kirol ekintzek ere harrera ona izan zuten eta aurten herri kirolak berreskuratu dira arrakasta handiarekin. Irailaren 2ko su artifizialak ere oso aipatuak eta gustukoak izan ziren, berritzaileak izan baitira. Paella txapelketak 850 pertsona inguru batu zituen plazan. Musikak aurten ere plaza bete du.

Oro har ekintzak jendetsuak izan dira.

Antzar egunean emakume harrapatzaileen presentzia ere nabarmentzen doa. Aurten 20 izan dira antzar jokoan harrapatzaile, pasa den urtean baino 3 gehiago. Aurten jokoari Isuntzako emakume arraunlariek eman zioten hasiera zeinak gogotsu eta indartsu dabiltzan txapelketetan Ondarruko Arraun elkarteko emakumeekin batera Lea Artibai Arraun Taldean.

Antzartek antzar mekanikoen erabilerak ere gorantz egin du: 2015ean 84 potinetik 19 potinek aukeratu zuten Antzartek, 2016an 85 potinetik 32 potin joan ziren Antzartek harrapatzera eta aurten, ostera, 82 potin partehartzailetik 35 potinek aukeratu dute Antzartek: lekittarrak 22, eskualdekoak 2 eta 11 kanpotarrak.

Antzar egunean portuan Gurutz Gorriko 39 boluntario egon ziren lanean (erizainak, buzoak, sorosleak etab). Aurten Lekeitioko Udalak Gurutz Gorriaren zerbitzua luzatu egin du irailaren 6ko 6:00ak arte. Guztira, 33 pertsona artatu zituen Gurutz Gorriak: 7 adingabeko eta gainontzekoak adin nagusikoak. Esku-hartze gehienak erorketak, golpeak eta zauriengatik izan ziren. Pertsona bakarra eraman zen urgentziaz ospitalera eta zorionez egun batzuetara alta eman zioten.

Jendetsuenak izan diren egunetan gertatzen diren gertakarietatik aparte eta 2016ko datuekin alderatuz, salaketa kopurua erdira jaitsi bada ere, jaietako gertakaririk gaitzesgarrienaren berri izan genuen Ertzaintzaren eskutik: Antzar Egunean emakume batek sexu erasoa jasan izanagatik salaketa jarri zuen.

Ez da bistatik kendu behar emakumeen kontrako indarkeria eguneroko bizitzan sarri gertatzen dela, eremu pribatuan zein publikoan, urte osoan zehar. Estrukturazkoa den arazo honi aurre egin beharra dago denon artean. Antzar egunean gertatutako sexu erasoak adi-adi egotera eta aktiboki lan egitera eraman behar gaitu. Aipatzekoa da Lekeitioko herriak gertakari honen aurrean erakutsitako jarrera; argi esan zuen irailaren 7an plazan egin zen elkarretaratze jendetsuan aski dela! Jaietan, oro har, ikusi da herritarrak eta kanpotik etorri direnak baita eraso sexistei planto egiteko jarrera aktiboa izan dutela; izan ere, emakumeenganako beste bi eraso ere egon dira aurten jaietan eta erasotzaileak kanporatuak izan ziren txosna gunetik eta plazatik.

Bestalde, SOS DEIAKek guztira 32 esku-hartze egin zituen jaietako 8 egunetan, horietatik 10 irailaren 6an. Esku-hartze gehienak istripuengatik izan dira (erortzeak, kolpeak, zauriak).

Trafiko pilaketak ekiditeko eta herrirako sarrera eta irteera arina egiteko, BIZKAIBUSek antzar egunean 32 autobus erabili zituen eta 65 langile mobilizatu ziren. 11.000 bidaiari egon ziren guztira, iaz baino %17 gehiago. A 3512 lineak errefortzuekin 101 bidaia egin zituen eta A3513/23 lineek guztira 206 bidaia. Pasa den urtean martxan ipini zen neurria mantendu zuen Bizkaibusek; norabidearen arabera ilarak ezberdindu arazoak saiheste aldera.

Kaleko garbitasunari dagokionez, jai egun jendetsuenetan 20tik gora langile ibili ziren kaleak garbitzen kamioi, putzegile, mangera eta bestelakoak erabiliz. Guztira herrian jaietan 17.240 kilo zabor batu dira; antzar egunean batu zen zabor kopuru handiena (6.160 kilo).