Noticias

 

32 film lehiatuko dira aurten, 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Kontxu Odrizolari omenaldia egingo zaio Euskal Zinearen Begiradan

Lekeitioko Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zine bilera bakarraren 39. edizioa izango da aurtengoa. Urriaren 16tik 22ra bitartean, euskaraz filmatutako lanak ikusteko aukera ederra izango dugu Lekeition.

39. edizio honetan 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko; 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken hauen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dute (2 lan lekeitiarrak egindakoak dira).


BENITO ANSOLA BEKA

2015eko 38. Euskal Zine Bileran 3.000.-euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren “Leihoak” lana primizian ikusteko aukera izango dugu. Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko antolatzen du Euskaltzaleen Topaguneak sari hau, Lekeitioko Udalarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz. Hiru ediziotan beka jaso duten gazte gehienek bide oparoa urratzen ari dira gaur egun ikus-entzunezkoen munduan.

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilerak betiko bi helburu ditu. Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu dira eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi da izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean.

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra.

Nahikoa ez eta beste bi sari ditu gordeta EZB-k, bakoitza 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Gazte 22 sarira 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako 5 zinegilek eman dute izena. Antzar Morea sariak bestetik genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta, halaber, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan. Berau Lekeitioko Udaleko Berdintasun Sailak ematen du.

AURTENGO EPAIMAHAIKIDEAK

39. Euskal Zine Bilerako Epaimahaikideak euskal zinemagintzarekin harremandutako profesional ezberdinak biltzen ditu: zuzendariak, antzezleak eta ekoizleak.

Tessa Andonegi (Donostia, 1968)

Euskal aktorea. Zinean, antzerkian eta telebistan egin du lan. Hala nola, “Goazen” (2008) filmean eta “Goenkale” eta “Jaun ta Jabe” telesailetan parte hartzearren da ezaguna. Antzerki munduan ere aktore (“Las dos verdades” – Tartean 2005-2006) eta zuzendaritza laguntzaile (“Ai Ama!” – Hika Teatroa 2003) lanetan ibili da.


Sara Cozar (Ordizia, 1980)

Euskal aktorea. “Goenkale” telesailean lanean ibili ondoren, “Emaztegaiaren semea”, “Hil arte bizi”, “Maitasunaren ostean maitasuna” edo “Las mujeres de verdad tienen curvas” antzezlanetan jardun izan du. Zineman, “Bypass” eta “Izarren argia” filmetan lan egin du aktore moduan.


Asier Bilbao (Durango, 1969)

Produktore eragilea eta produktore zuzendaria. Bere ibilbide profesionala batez ere produkzio lanetan garatu da, antolaketan nahiz edukietan. “Objetivo Agirre” (2016) zine luzemetraiaren garapenean parte hartu du, baita “Amaren Eskuak” (2013) luzemetraian ere.


Asier Hormaza (Getxo, 1970)

Euskal aktore eta bikoiztalea. Zinean, antzerkian eta bereziki telebistan egin du lan. “Argi” edota “El cazador de dragones” filmetan parte hartu du Iratxe Mediavilla eta Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Gainera, “Goenkale” eta “Vaya Semanita” telesailetako protagonista izatearren ezaguna ere bada.


Iñaki Billelabeitia (Mungia, 1963)

Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren Fakultateko irakasle titular, doktore eta ikertzaile lanarekin uztartzen du. Klaseak ematen ditu Arteko Graduan, Increarte masterrean (“Investigación y Creación en Arte”) edota Arte Garaikidea Teknologiko eta Performatiboko masterrean ere. Gaur egun UPV-EHUko Artea eta Teknologia Departamentuko zuzendaria da.


EUSKAL ZINEAREN BEGIRADA


Zinemagile bat gertutik ezagutzea du helburu Euskal Zinearen Begiradak eta aurtengo edizioan Kontxu Odriozola izango da omendua.“Urte berri on, amona” filmea proiektatuko da eta ondoren solasaldia Telmo Esnal zuzendariarekin.


LEKEITIOKO BERBALDIA

Jaialdi hau Euskal Herri osoko zinemagileak ezagutzeko, lan egiteko eta hausnartzeko topagunea da. Aurtengo berbaldian, “Emakumezkoan ikusentzuneskoetan: Hezkuntzatik lan mundura” izango da jorratuko den gaia. (H)emen-(H)ere plataformak (euskal ikusentzunezkoetako emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko plataformak), antolatuta eta dinamizatutako mahai-ingurua izango da.


DONOSTIA 2016

Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarekin elkarlanean dago Euskal Zine Bilera. Hori dela eta, Europa 2016ren Europa Transit embaxadak Pafosen grabatutako “Mugaminak” lana proiektatuko da eta ondoren solasaldi bat egongo da protegonistekin. Amets Arzallus bertsolaria izan zuen bidailagun Europako Kultur Hiriburuak dokumental honetan.

KARTEL LEHIAKETA

Aurten, gainera, Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa martxan ipini du. Euskal Zine Bileraren helburuetariko bat baita sorkuntza eta partaidetza sustatzea. Guztira 16 lan aurkeztu dira. “Kakoa” izan da kartela egiterakoan kontuan hartu behar izan duten gaia eta irabazlea Alejo Muñoz izan da. 1000.- euroko saria jasoko du Irabazleak.


GIROTZE LEHIAKETA

Lekeitio zinez janztea da asmoa eta horretarako, hirugarren urtez, herriko dendari eta ostalari guztiei zuzendutako apaintze lehiaketa eramango du aurrera Lekeitioko Udalak. Aurten, 300.-euroko sari bakarra egongo da ostalari zein dendarientzat.

Hiru dira epaimahaikideak Mertxe Arrizubieta kultur zinegotzia, Euskal Zine Bilerako lantaldeko Joseba Zuberogoitia eta Zinemazaleen elkarteko David Madarieta. Bereziki KAKOAri (“kakua”) erreferentzia egiten dioten apainketak hobetsiko ditu epaimahaiak (Lekeitio euskal zinemagintzaren portua, saretu, zinegileak erakarri, harrapatu edo arrantzatu, etab.).


TXIKIEN TXOKOA

Txikienek ere beraien txokoa izaten dute jaialdian. Lekeitioko Udalak antolatzen duen ekimena da, herriko haur eta gazteen zinezaletasuna suspertzeko helburuarekin.


BABESLEAK

Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilerak aspalditik lagun dituen erakundeek bere horretan jarraituko dute aurten ere: Bizkaiko Foru Aldundia, Zineuskadi, BBK, Eusko Label eta Danobat Group. Aurten Euskaltel eta Erabil ere gehitu zaizkigu euskal zinemagintzaren babesera.