Noticias

 

Osoko Bilkurak azaroaren 3an egindako batzarraldian ondoko adierazpena onartu zuen:

 

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA- EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKA

 

 

Emakumeen kontrako indarkeriak ez du etenik, oraindik ere, esparru eta modu askotan emandako milaka eraso jasaten ditu emakumeak. Indarkeria mota hau, Euskal Herrian eta mundu osoan zehar benetan arazo larria da. Hedabideek egunero dituzte eraso ugari aipagai, nahiz eta eraso guztiek ez duten gaitzespen eta lanketa berdina jasotzen, ezinbestekoa da horietan arreta jarri eta ekiditeko bideak martxan jartzea.

 

Emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioa egiturazko gertakaria da, dimentsio askotarikoa, eta horrekin amaitzeko, ezinbestekoa da botere publiko guztiak eta gizarte osoa inplikatzea. Horretarako, lanean jarraitu behar dugu, ikertzen, prebenitzen, biktimei arreta eta babesa ematen eta era berean, guztiok ukitzen gaituen arazoaz kontzientziatzen eta sentsibilizatzen.

 

Alde horretatik, instituzioen eta herri honetan bizi garen guztion eta bakoitzaren betebeharra da emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dugula adieraztea eta gizartearen gaitz hau errotik kentzeko behar adina neurri abian jartzea, biktimei babesa eta elkartasuna agertuz, zein hezkuntza edo emakumearen jabekuntza landuz.

 

Horren guztiaren jakitun, Lekeitioko Udalak,

 

ELKARTASUNA AGERTZEN DIE emakumeen aurkako indarkeria zuzenean edo zeharka jasan duten biktimei, eta jarrera tinkoa dauka, agerian uzteko arazo honen larritasunak instituzioaren eta gizartearen erantzuna behar duela, osotasunez eta koordinazioz.

 

ERANTZUKIZUNA BEREGANATZEN DU, dauzkan eskumenen arabera indarrean dagoen legedia aplikatzeko, hezkidetzaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzeko.

 

DEI EGITEN DIE hiritarrei, egunerokoan eta biziko esparru guztietan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izan dezaten, alegia, ez onartu, haren aurrean ez isilik geratu eta irmoki gaitzesteko.

 

Era berean, Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta egingo diren ekimenetan parte hartzeko gonbita egin nahi diegu Lekeitiarrei.

 

 

Lekeition, 2011ko azaroaren 3an