Noticias

 

Aurtengo udan, portua trafikoarentzat itxi egin da astegunetako arratsaldeetan eta asteburuetan egun guztian zehar. Lehenbiziz, uda sasoi osoan portua oinezkoentzat gune bihurtu da urteetako herritarren eskariari erantzunez.

Ekimen hau hasieran ekainaren 28tik irailaren 10era arte irautea aurreikusi zen baina izan duen harrera ona ikusita, urriaren 1era luzatu zen.

Ekimenak arrakasta izan du herritarren artean, oinezkoek herriko gune ikusgarri hau irabazi dutelako baina bestalde goizetan kaian lanean aritu direnak ere pozik agertu dira, zereginak lasaiago egin ahal izan dituztela adierazi baitute.

Hori horrela, 2018an ere ekimena indarrean jarriko du Lekeitioko Udalak baina indarraldiak aldaketa nabarmena izango du: 2018ko ekainaren 1etik aurrera sartuko da ekimena berriz indarrean baina urte guztira zabalduko da, ekimenak ez du etenik izango. 2018ko ekainaren 1etik aurrera arratsaldez eta asteburuetan, itsasertzeko aldean (Marina tabernatik komandantzia parera arte) ezin izango da aparkatu. Eguerdiko 14:30tik hurrengo goizeko 8:00ak arte debekatuta egongo da aparkatzea. Jai egunetan egun guztian zehar egongo da aparkatzeko debekua. Astegunetan, goizetan, trafikoari eta zama lanetarako zabalik egongo da.

Herrian daukagun lekurik ederrenetako bat oinezkoentzako eskuratu da. Nahiz eta aspaldiko helburuetako bat izan, orain arte ez da neurririk hartu. Gainera, gogoan izan behar da 2016. urtean egindako Pasaia Planaren parte hartze prozesuan aldarrikatzen zen ekimena izan dela berau.