Noticias

 

1) Inpaktu ekonomikoa lortzea herriaren garapenerako 2) Inpaktu mediatikoa areagotzea 3) euskal zinemagintzan erreferentzia lortzea eta 4) herritarren partehartzea bultzatzea izan dira Lekeitioko Udalaren erronkak.

Euskal Zine Bilera, Lekeitioko Udalaren politika kulturalaren barruan, lehentasunezko izaera hartu du, eta garapen sozioekonomikorako estrategiaren barne kokatu da jaialdia. Udaleko lau departamentu elkarrekin lanean egon dira Euskal Zine Bilera indarberritu bat aurkezteko: Kultura, Euskara, Garapen Ekonomikoa, eta Emakumea eta Berdintasuna sailak. Guztien lanaren sinergiarekin, inoizko jaialdi zabal eta beteena eskaini dugu. Lau izan dira aurtengo erronkak: 1) Inpaktu ekonomikoa lortu herriaren garapenerako 2) Inpaktu mediatikoa lortu 3) euskal zinemagintzan erreferentzia lortu eta 4) herritarren partehartzea bultzatu.

Aurtengo hasierako erronketako bat, jaialdiaren inpaktu ekonomikoa bilatzea izan da. Kulturak garapen identitario, sozial eta intelektualera garamatza baina baita ere garapen ekonomikora.  Udalak Turismo Mahaia elkartu eta, eta herriko taberna eta merkateriekin bilera bat egin dugu. Turismo mahaian, Euskal Zine Bilerara gerturatzen diren 96 partehartzaileei Lekeitio, Mendaxa, Amoroto eta Ispasterreko aterpetxe, hostal, landetxe eta hoteletarako eskaintza bereziak adostu dira. Udalak, proposamenak jaso eta partehartzaileei bidali die, asko eta asko izan direlarik Lekeition asteburu pasa gelditzea erabaki dutenak. Horrez gain, Udalak Apaintze Lehiaketa jarri du martxan lehenengoz, herriko 12 taberna eta merkatarien laguntzarekin. Euskal Zine Bileraren giroa zine aretotik kanpo zabaltzea lortu da. Urteetan, denda askok bere kabuz erakusleihoak apaindu dituzte lehiaketarik egon gabe. Aurten baina, beraien partehartzea balioan jarri eta girotze kanpaina hau indartu nahi izan da.

Bigarren erronka inpaktu mediatikoa lortzea izan da. Iaztik, jaialdiaren komunikazio estrategia osoa aldatu da eta irudi aldetik ere puntako artista bisualak bilatu dira. Jada, entzutetsua izaten ari da Euskal Herri osoan gure jaialdia. Komunikazioa egindako esfortsuaren adibide da ere, inoizko parte hartze handiena izan dugula eta horrez gain lehenengoz, Euskal Herriko lurralde guztietako filmak heldu direla Lekeitiora. Aurten gainera, streaming bidez jarraitu ahal izan da amaiera ekitaldia, eta sare sozialak ere indartu egin dira. Euskal Herritik kanpo ere, jaialdia jarraitzeko aukera izan da aurten.

Hirugarren erronka euskal zinemagintzan erreferentzia lortzea izan da. Iaz eman ziren urratsak egonkortu dira aurten: Hasiera ekitaldia sortu; sariak estandarizatu eta indartu; Gazte 22 saria eta Antzar Morea sariak sortu; ekitaldiak zuzendaritza artistikoaren sortu…. Aurten baina pausu bat haratago eta lehiaketaz gain, ekintza paraleloak sortu ditugu. Horrela sortu dugu, Euskal Filmategiaren laguntzarekin,  Euskal Zinearen Begirada: zinemaldiaren baitan sortzaile batetan gelditu eta bere ibilbidea ezagutarazteko tartea hartzeko. Bestetik Lekeitioko Berbaldia ere sortu dugu, euskal zinemagintzaz hausnartzeko espazioa non mahainguru, hitzaldi zein ikastaroak ematea den helburua. Euskal Zine Bilera, euskaraz egiten den ikus entzunetako kultur sorkuntzarako gune moduan ulertzen da eta bide horretan egiten dira ahaleginak.

Azken erronka, herritarren partehartzea bultzatzea izan da. Aste osoan zehar, jende andana hurbildu da zine aretora, aurten filmatu denaren errepasoa egitera. Herritarrek maite dute jaialdi hau eta dagoeneko hitzordu egonkortua da Lekeition. Amaiera ekitaldira sarrerak, hirugarren egunerako amaitu ziren Kultur Etxean. Umeen txokoa ere sortu genuen iaz, eta aurten ere 600 ikasle hurbildu dira zinemara goizez umeentzako filmak ikustera. Horrez gain, aurten zinezaleei ere deialdi berezia egin zaie zine jardunaldietan parte hartzeko.

Dagoeneko hasi gara datorren urteko jaialdiari begira. Lan asko dago egiteke. Lekeitioko udalak Euskal Zine Bilera antolatzen eta indartzen jarraituko du. Herriaren garapen estrategian elementu garrantzitsua, euskal kulturaren transmisio eta normalkuntzarako hitzordua, eta zinearentzako eta euskararentzako arnasgunea delako.