Noticias

 

Lekeitioko Emakumea eta Berdintasun Batzordeak antolatuta, irailaren 5ean, Antzar egunean, 12:00etatik 15:00etara “Indarkeria sexista gabeko gunea” egongo da plazan. Haima antzeko bat jarriko da antzar jokoan parte hartuko duten potinen hurrenkera antolatzeko egiten den zozketaren gunean.

“Indarkeria sexista gabeko gunea”n, besteak beste ondokoa egongo da:

• PANEL INFORMATIBOAK: indarkeria sexista, autodefentsa feminista, maitasun erromantikoa etb- ri buruz.
• ESKUORRIAK:   Bereziki neska gazteei zuzendutako triptikoak indarkeria sexista, maitasun erromantikoa eta autodefentsa feminista gaien inguruko informazioarekin.
• TXAPA MAKINA:  indarkeria sexistaren aurkako txapak sortzeko.
• PEGATINAK:  Indarkeria sexistak eta erasoak salatzeko pegatina ezberdinak eta bestetik, gozamena eta ligoteo osasuntsua aldarrikatzen dutenak.

Helburuetako batzuk hurrengoak dira:

• Emakumeak eta herritarrak orohar indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea.
• Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea.
• Erasotzaile izan daitezkenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan  erantzuna izango dutela ohartaraztea.
• Maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerrean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea.

Gunean, eraso sexisten kontrako mezuak dituen photocall-a ere egongo da nahi duenak argazkiak ateratzeko berarekin.

Aurten lehenengoz, Antzar eguneko autobabes planean herritar eta bisitarien segurtasuna bermatzen duten eragileek (Osakidetza, SOS DEIAK, Gurutz Gorria, babes zibila, Ertzaintza, Udaltzaingoa,…) eraso sexistaren bat gertatuz gero zelan jokatu behar duten zehazten delarik.

Baita aipatu, Lekeitioko Emakumea eta Berdintasun Batzordetik beste ekintza batzuk ere egin direla jaietarako:

• Tabernari eta ferialariei taberna eta barraketako giroa alaitzeko Spotify-ko aplikazioan dagoen Beldur Barik playlist-a daukatela helarazi zaie, bertan aurkituko duten abesti ez sexisten zerrenda erabiltzeko.
• Tabernariei aurten ere gutuna bidali zaie tabernan eraso sexistaren bat gertatuz gero zelan jokatu behar duten zehazten eta “gora ligoteo sanoa, eraso sexistarik ez” lelodun kartelak tabernan jartzeko.
• Jaietako programan emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan oharrak eta informazioa sartu da urtero lez.
• “Gora ligoteo Sanoa” lelodun txapak atera dira.
• Puntu morea daukaten antzarretako zapiak banatzen jarraituko da.

Udaletxeko balkoian ere pankarta jarriko da “Gora ligoteo Sanoa, eraso sexistarik ez” testuarekin, udaltzainen eta sos deiak-en telefono zenbakiekin batera.

Azkenik gogoratu, emakumeen kontrako indarkeria denon ardura dela, beraz edozein erasoren aurrean aktiboa izan behar da gure jarrera.

Ondo pasa jaietan!!