Noticias

 

Gazteek alokairua ordaintzeko diru-laguntzak izango dituzte aurten ere

Deialdirako eskaera epea martxoaren 1ean irekiko da eta azken eguna 2019ko azaroaren 15a izango da.

Ukaezina da etxebizitza eskuratzeko arazoa dela gazteek emantzipatzeko daukaten oztopo nagusienetakoa eta beraz, Lekeitioko Udalak ahaleginak egin behar ditu etxebizitza politika publikoaren bidez alokairua sustatzeko. Izan ere, hau funtsezkoa da etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Gazteei zuzendutako diru-laguntza programa honekin lortu nahi dena da behar diren egoerak sustatzea gure gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izan dezaten eta, horrela, AUTONOMIA eta EMANTZIPATZEA lortzen laguntzea.
 
DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO BALDINTZAK
Ezinbestean 18 - 35 urte bitarteko adina izan behar dute elkarbizitza unitateko kide guztiek, unitate horretan bizi diren menpeko adin txikikoak izan ezik, eta elkarbizitza unitatea osatzen duten pertsonetako bat gutxienez Lekeitioko udalerrian egon beharko da erroldatuta, gutxienez bi urteko etenik gabeko antzinatasunarekin. Gainera, diruz lagunduko den etxebizitza Lekeitioko udal mugartean egon beharko da eta dagokion bizigarritasun baimena izan beharko du. Hala ere, salbuetsita egongo dira hilean 650 euroko zenbatekoa gainditzen duten alokairuko etxebizitzak eta urte bete baino gutxiagoko iraupena duten alokairu kontratuak. Onuradunek diru-laguntza justifikatzeko izango duten ohiko azken eguna 2019ko abenduaren 31 izango da.  Epe hau igaro ondoren ez badira ziurtagiriak eman, onuradunak galdu egingo du diru-laguntza jasotzeko eskubidea.
 
DIRU LAGUNTZAREN ZENBATEKOA
2019. urtean deialdi honetarako aurreikusitako kopuru osoa 25.000 eurokoa da eta gazteei zuzendutako alokairurako laguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru-laguntzarekin. Diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez ere hilabete bakoitzeko 100 eurokoa izango da eskaera bakoitzeko eta gehienez 12 hilabeteko epealdi baterako.