Noticias

 

Hasi da KALEKAren 30. edizioa

KALEKAk kale arteekin lotutako hainbat jarduera hartuko ditu bere urteurrenaren ospakizunetan

Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak hainbat konpainia eta kolektiboren parte hartzea izango du, lau egunetan zehar hauen lan eta ekintza anitzak erakustera emanez. Uztailaren 18tik 21era bitartean, Lekeitiok bere kale eta gune esanguratsuetan kale arteak bilduko ditu.

Jaialdian aurkituko ditugun ekintzen artean, aurtengoan berrikuntza diren esperimentazio espazioak nabarmentzen dira, lau egunetan zehar izango direnak. Alde batetik, Truca Rec kolektiboa KALEKA EGIN espazioaren diseinuaren arduraduna izango da, aurten STAMPA izena hartuko duena, stencil teknikaren bidez, eta aurrezprestatuko txantiloiak erabiliz, TOTE izeneko poltsa eta motxilak jaialdiko irudiarekin diseinatzeko aukera emango du. Honetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Bestalde, Createctura kolektiboak KAIRÓS [gune doia] espazioa inauguratuko du, 10 hilabete eta 5 urte bitarteko umeentzako esperientzia eta joko gunea eskainiko duena, Paisajes de Juego izeneko instalakuntzaren bidez. Amaitzeko, jaialdiko azken egunean Burbología gunea izango dugu, 7 Bubbles konpainiaren eskutik, tamaina eta forma ezberdinetako xaboi burbuilekin esperimentatzeko joko espazio bat proposatuz.

Era berean, jaialdiaren aurreko egunetan, Lŏkke-ren The Big Game ikastaroa izan dugu, deialdi zabalaren bidez, jaialdiaren sekzio ofizialean aurkitzen den izen bereko ikuskizunerako partaideak bilatu eta prestatzeko helburua izan duena.

UZTAILAK 18, OSTEGUNA

Jaialdiaren lehenengo eguna esperimentazio espazioen irekierarekin hasiko da, KAIRÓS [gune doia] eta KALEKA EGIN, hauek goiz eta arratsaldez irekiko direlarik. Arratsaldean KALEKA SCRATCH sekzioari emango zaio hasiera sormen edota garapen prozesuan dauden bi lanekin, kultur agente, artista eta ikusleen arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioa eskainiz. Lehenengo lana Cie Dé-Chaînée konpainiaren Tout ira bien izango da, langabezian dagoen emakume baten istorioa, beti irribarre batetik bizitzak jartzen dizkion arazoei aurre egingo diolarik. Ondoren, Cia es circ-en Tei Tei lana ikusteko aukera izango dugu, ematen duen pausu bakoitzeko agertoki berri bat sortzen duen ikuskizun ibiltaria. Eta jaialdiko lehenengo egunarekin bukatzeko, Arropaineko Arraguak antolatutako kolaborazioa izango dugu, Ulua(k) Cabaret, Ulua(k) Teatroaren eskutik.

 

UZTAILAK 19, OSTIRALA

Jaialdiko egun guztietan gertatzen den antzera, KAIRÓS [gune doia] eta KALEKA EGIN esperimentazio espazioak izango ditugu. Hauei, Arropaineko Arraguaren kolaborazioa gehituko zaie, DIY: Maskara eta Titereak, eraikuntza eta joko espazioa, non buztina, papera eta plastikozko txotxongilo eta maskaren sorrera eta hauen manipulazioa landu daitezkeen, ULUA(K) antzerkiaren laguntzarekin. Bere aldetik, SCRATCH sekzioaren barnean, LaBuena Compañiak sorkuntza prozesuan dagoen Sindrome Hang Jonge izeneko lan berria aurkeztuko du, helburu berbera duten bi izakiren ikuskizuna, baten akzioak bestearen erreakzioa sortuko duelarik. Ondoren, Zero en conducta konpainiaren Trashhhhhh izango dugu, izar izatearekin amesten duen zabor poltsatxo baten istorioa. Arratsaldean berriz, Malekoia Txiringitoaren kolaborazioa izango dugu, Winston Koperland eta Urko Notredamen Pailazoen Magia ikuskizunarekin. Era berean, La Nordika-ren Rojo Estandar lana izango dugu, indar zentrifugo eta jarraikortasunezko mugimenduan oinarritutako 360ºtako ikuskizuna. Jarraian, Sincronacidas konpainiaren Ohlimpiadas izango dugu, non haien egunerokotasunarekin aspertuta dauden garbitasuneko bi profesionalek, haien lanaldia olinpiar lehiaketa bat bailitzan azalduko duten. Eta ostiralarekin amaitzeko, gauean Lŏkke-ren The Big Game parte hartze ikuskizuna izango dugu,  xake bizidun koreografiko baten bertsio aske eta lekualdatu bat proposatzen du. 24 interprete eta objektu batek osatzen dute jokoa. Ikuskizun honetan jaialdiko aurreko egunetan zehar egin den ikastaroko partaideak izango dira protagonista.

UZTAILAK 20, LARUNBATA

Esperimentazio espazioez gain, larunbat goizean eta SCRATCH atalaren barnean, La Intrépida konpainiaren La Atracción izango dugu, erdizka ibiltaria den clown ikuskizuna. Bestalde, arratsaldean hainbat emanaldi izango ditugu, hasteko SCRATCH barruan kokatzen den Doppelgänger, Lŏkke-ren eskutik, Lekeitioko leku desberdinetatik barreiatutako 6 akzio koreografikotan banatuta. Jarraian, Chiara Marchese-ren Mavara izango dugu, dantza, txotxongiloen manipulazioa eta zirkua (soka lasaia) batzen dituen lanarekin. Ondoren, Murmuyo-ren ¡Fuera! izango dugu, txiletar clowna Lekeitiora dator berriz ere kaleak asaldatzera. Norbere etxetik kaleratuak izan direnekiko elkartasuna eta babesaren balioa erakutsiko ditu eta, ezbeharren aurrean, jendea nola antolatzen eta elkar laguntzen den. Bere aldetik, Cía Ytuquepintas konpainiak JOJO ikuskizuna ekarriko du, orangutan baten bizipen errealetan oinarritutako istorioa, hauskortasunaren eta ekosistemaren oreka ahularen inguruan hausnartzera gonbidatzen gaituena. Gaua ixteko Deabruak Gara, Soms Diables izango dugu Lekittoko Deabruak eta  Kataluniako lau talde batuko ditu larunbat gaua suaren jai handia bilakatzeko, 200 profesionalez osatutako deabru taldea batu eta mugimenduzko piroteknia erraldoia gurera ekarriz. 

UZTAILAK 21, IGANDEA

Jaialdiko azken eguneko goizak ere KAIRÓS [gune doia] eta KALEKA EGIN espazioak izango ditu. Goizean, Zanguango-ren Al Otro Ladorekin gozatzeko aukera izango dugu, oihal erraldoi baten bidez errealitatea eta fikzioaren arteko mugak apurtuko ditu, biak desagerrarazi eta gu garenaren ikuspegi berriak agertzen zaizkigularik. Bestalde, arratsaldean 7 Bubbles konpainiaren Burbuja lana izango dugu, ikuslea protagonista nagusia den xaboi burbuilen komedia zoroa. Bukatzeko, konpainia berbera izango da jaialdiari agur esatearen arduraduna, Burbología esperimentazio espazioaren bidez, burbuilekin jolasteko gunea sortuko du edozein adineko pertsonentzat eta, bertan, tamaina ezberdinetako burbuilak egin ahalko dira, aukera ezberdinekin jokatuz.