Noticias

 
  • Ondarzabal konpontzeko aurrekontuak 150.000 eta 170.000 euro inguruan dabiltza.
  • Udalak beti egin du ondarearen aldeko apustua eta horregatik, itsasontzia mantentzeko ahaleginak egiten ari gara. Baina noiz arte? Kosta ahala kosta mantendu behar da, herritarrei beste zerbitzu batzuk kenduz?
  • Portuko gainontzeko itsasontzien segurtasuna bermatzeko Ondarzabal karrora eramatea erabaki dugu, ikusirik astebururako berriro ere itsaso txarra dagoela emanda.
  • Gaur goizaldean popako bita apurtu egin da

Ondarzabal itsasontziari, museo bihurtu zenetik gaur egun arte, egin zaizkion mantentze-lanak berdinak izan diren arren (garai hartan ezarririko irizpideei jarraiki jardun baita beti), itsasontziaren adinak eta bizitzaren ondorioek eraman dute gaur egungo egoerara. Hori ikusirik, udalak konpontze-lanak egitea pentsatu zuen 2013 eta 2014ko aurrekontuekin, baina horretarako konponketaren kostu erreala zein zen jakitea ezinbestekoa iruditu zitzaigun, suposizioekin ez aritzeko. Horrela, bada, horrelako azpiegituretan aritzen diren 4 arotzengana zuzendu ginen, aurrekontu zehatzak eskatzeko. Laurak pasa ziren Lekeitiotik itsasontzia ikustera, ezin baitaiteke egoera zehatza zein den jakin zuzenean ikusi gabe. Pasa ondoren, 3 arotzek egindako aurrekontuak 150.000 eta 170.000 euro inguruan dabiltza; eta laugarrenak, itsasontziaren egoera ikusita, aurrekontua egitea ere ez zuela merezi esan zigun.

Udalak beti egin du ondarearen aldeko apustua eta horregatik itsasontzia mantentzeko ahaleginak egiten ari gara. Baina noiz arte? ondareak betiko iraun behar du? kosta ahala kosta mantendu behar da, herritarrei beste zerbitzu batzuk kenduz? Momentu honetan udalak bakarrik ezin du bere gain hartu itsasontzia konpontzeak suposatzen duen kostua, horrek herritarrei zerbitzu batzuk kentzea suposatuko bailuke. Badakigu hori ez dela EAJren ikuspuntua, izan ere, behin baino gehiagotan argi utzi digu, kostua edozein izanda ere, konpondu egin behar dela. Are gehiago, prest daude herritarrei beste zerbitzu batzuk kentzeko, itsasontzia konpontzearen trukean.

Momentu honetan, bada, lanean ari gara. Baina ez orain bakarrik, gai hori bai Garapen Batzordean eta bai Ondare lantaldean landu baita urtean zehar. Alde batetik, Atabaka elkartearekin hitz egiten ari gara, elkarlanean kostuak murriztu eta itsasontzia konpondu ahal dugun jakiteko. Aldi berean, gainontzeko erakundeengana jo dugu eta joko dugu laguntza eske, ondarea denona baita, eta ondorioz, baita bera mantentzeko erantzukizuna ere.

Hala ere, gaur goizaldean popako bita apurtu egin da. Ikusirik astebururako berriro ere itsaso txarra dagoela emanda, portuko gainontzeko itsasontzien segurtasuna bermatzeko (bita, itsasontzia lotzeko puntua da, hau ez badago seguru, itsaso txarrarekin askatu eta portuan noraezean ibili daiteke) Ondarzabal karrora eramatea erabaki dugu eta hori posible egiteko kudeaketa guztiak egiten ari gara (kapitaintza, atoiontzia, lekua dagoen karro bat aurkitzea…). Barikuan igoko dugu karrora.

Karrora uda bukaeran igotzeko asmoa bagenuen ere, ez zen horrela egin kontutan hartuta horrek kostu bat suposatzen duela. Alde batetik, homologatutako atoiontzia behar da eta horrek ia 10.000 euroko kostua du; eta bestetik, karroan egoteagatik ordaindu egin behar da. Horregatik, bada, gastu hori egin baino lehen, konponketaren kostua zein den jakin nahi izan genuen; eta kostu hori bi urtetako aurrekontuekin ordaindu. Ikusi genuenean hori ez zela posible, Atabaka, gainerako instituzioekin… hausnartzen hasi ginen ea zer egin zitekeen hemendik aurrera, uste baikenuen hori jakin aurretik itsasontzia karrora altxatzea denon dirua xahutzen ibiltzea dela. Hori izan da itsasontzia orain arte karrora ez eramatearen arrazoia. Gaur egun, berriz, segurtasun irizpidea da iritziz aldatzearen arrazoia.