Noticias

 

KORONABIRUSAREN TRANSMISIOA EKIDITEKO NEURRIAK LEKEITION

Lekeitioko Udalak kiroldegia eta kultur etxea ixtea erabaki du. Etenaldia 15:00etatik aurrera izango da.

Udaletxea zabalik mantenduko da ohiko ordutegian, baina herritarrei eskaria egiten zaie ezinbestekoa ez bada ez etortzeko eta kontsultak egiteko udal telefonoa eta helbide elektronikoa erabiltzeko.

Koronabirusaren (COVID19) transmisioa ekiditeko asmoz eta herritar guztien ongizatea mantentzeko helburuarekin, Lekeitioko Udalak kiroldegiko eta kultur etxeko eraikinak eta zerbitzuak bertan behera uztea erabaki duela jakinarazten du. Etenaldi hau gaur 15:00etatik aurrera sartuko da indarraldian. Bestalde, udaletxea zabalik mantenduko da baina herritarrei eskaria egiten zaie ezinbestekoa ez bada ez etortzeko, gainera gogorarazten da udaletxeko kontsultak telefonoz (94 603 41 00) eta helbide elektronikoz (udala@lekeitio.eus) egiteko aukera dagoela.

Arrazoi honengatik, gutxienez hurrengo hamabost egunetan neurri berezi hauek mantenduko dira. Neurriak udal eraikinez gain, musika bandari, musika eskolari, gazteguneari, trinketeari eta ikastetxeei ere eragingo diete eta itxita mantenduko dira. Gainera, kultur eta kirol ekintza guztiak ere bertan behera utziko dira.

Ildo beretik, Jubilatuen etxeko ohiko ekintzak bertan behera geratu dira eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere neurri bereziak hartu dira.

Uribarren Abaroa erresidentziak ere bere erabiltzaileei koronabirusaren kutsaduraz saihesteko neurriak hartu ditu, zentroetan dauden pertsonen, familien eta langileen osasuna bermatzeko helburuarekin. Egoitzako langileen aholkuak eta gomendioak jarraitzea eskatzen da.

Pandemia honen aurrean beste neurri batzuk hartzea eskatzen zaie herritarrei kutsaduraz prebenitzeko eta transmisioa ekiditeko. Eskuak ondo eta sarritan garbitzea edota eztula eta doministiku egitean ahoa ukondoarekin edota zapi batekin estaltzea bezalako neurrik hartzea garrantzitsua da. Era berean, jende kopuru handia dagoen guneak ekidin behar dira eta beste pertsonekiko gutxieneko distantzia mantentzea ere komenigarria da.

Aldaketa edo neurri gehiago badaude hauen berri emango da, hauek aplikatu ahala. Beraz egunotan adi informazioari.