Noticias

 
Gaur, 2015eko azaroaren 3an, Lekeitioko hiribilduak 690 urte betetzen ditu (datorren 2025ean 700 egingo ditu).

Lekeitioren historia ofiziala 1325. urtean hasi zen.

Antzina gaur eguneko Lekeitio lekuan Bizkaiko Elizate-Elkartasuneko kontzeju edo herri bat zegoen, itsas gizon eta arrantzaleak bizi zirena. Biztanleria Santa Maria elizaren inguruan zegoen ezarrita.
Portuan, Arranegi kalea zen arrantzale gunea; Dendari kalea, ostera, merkatari gunea. Azken hau, gainera, barru aldera abiatzeko bidea zen (Atea).
1325. urtean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak fundazio karta eman zion Lekeitioko elizateari. Horrela hiribildu bihurtu zen herritxoa eta zenbait onura juridiko, merkatal, fiskal, militar, eta baita erlijioso ere eskuratu zituen.
Kartak hiriko mugak ere ezarri zituen, eta eurok zirela-eta borroka batean ibili ziren alboko elizate eta olagizonekin.
Harrezkero Alfonso XI.ak berretsi egin zuen fundaziozko karta 1334.ean. Eta beroren agintaldian eraiki ziren hiriko harresiak, nahiz eta bazen hesi bat fundaziozko karta baino lehen.
Lekeitiarrei autonomia zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan euren forua edukitzeak. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran, jarduera ekonomikoetan eta gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejuko kargudunak izendatzean ere. Kontzejua alkateak eta erregidoreak osatzen zuten. Alkateak batzarburu egin, erabakitako dekretuak onartu eta euren kalitatezko botoa zela-eta, erregidoreen arteko istiluak ebazten zituen. Baina epaile zen bereziki.
Kartak Santa Maria elizaren patronatua eman zion hiriari. Honetara, hiria parrokiaren ondasunen jabekide bihurtu zen, parrokiaren errenten administratzaile, elizgizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun.