Noticias

 

Lekeition  kalitate tekniko handiko eta oso modu argian ikusten diren dozenaka grabatu aurkitu izana jakinarazi du gaur goizean Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Aldundiko Ondare zerbitzuburu Andoni Iturbe eta Historiaurreko katedradun César Gonzálezekin batera azaldu duenez. Aurkezpenean, Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao eta Lekeitioko alkatea den Koldo Goitia ere izan dira.

Koba barruan oraindik ere lanean jarraitzen dute, eta, hortaz, baliteke aurkikuntza honetan are figura gehiago ere agertzea.

Aurkitutako multzoak 14 mila urte inguru ditu, Santimamiñeko pinturen eta berriki Atxurran aurkitutako irudien garai berekoak dira.

Kasu honetan, grabatuak Lekeitio udalerrian kokatutako Armintxe kobaren sarreratik 50 metro ingurura daude.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, "paleolitiko garaiko arte erakusgarria dan benetako santutegi bat aurkitu dogu. Jakitunek esaten deuskue, penintsula osoan egon daitekeen grabatuen multzo paregabe, ikusgarri eta esanguratzuena izan daitekela. Benetako altxorra. Gizaki guztioi dagokigun altxorra."

Rementeriak gaineratu du "2016 urtea, Bizkaiaren ezaguerarako urte historikoa bilakatzen ari dela. Urte honetan, Santimamiñeko margoen eta aztarnen aurkitzearen 100 urteak betetzen doguz. Eta gaur publiko egiten dogun beste aurkikuntza historikoen urtea bilakatu jaku. Gogoratu baita Atxurra kobako maiatzean ezagutarazi genduazan 70 margo eta grabatuak. Urte hau ikaragarria izan da benetan."

Aurkikuntza paregabea

Aurkikuntza berri hau oso garrantzitsua da grabatuen kalitateagatik eta erabilitako teknikagatik; izan ere, paretaren azaleran oso argi ikusten dira. Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak dira. Irudiak tamaina handiko grabatu multzo izugarria izateagatik nabarmentzen dira. Berrogeita hamar animaliaren figurek osatutako multzoa da, eta duela 14.000 urte inguru erabilitako teknika oso deigarria da; izan ere, irudiak arraste teknika baten bitartez eginda daude, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu; hala, lerro argi bat sortzen da, eta horri esker figurak ezin hobeto ikus daitezke. Teknika oso ondo egokitzen da kobazuloaren azalera eta efektu ia piktorikoa sorrarazten du. Horrez gain, irudikatutako figurek bi dimentsiodun bolumena daukate.

Aurkikuntza honen ezaugarri nagusietako bat, eta aurreko beste aurkikuntza batzuetatik bereizten duen ezaugarria, hain zuzen ere, Kantauri Itsasoaren inguruan figura erabat berriak aurkitu izanari dagokio, adibidez, felinoak.

Laburbilduz, multzoan aplikatutako kalitate teknikoa, osaera eta motiboak nabarmentzen dira.

Multzoan dimentsio handiko bisonte bat eta zaldi bat ere ageri dira, bakoitza mutur batean eta beste animalia txikiago batzuek inguratuta. Orain arte 18 zaldi, ahuntzen familiako 5 animalia (ohiko adarrengatik, gutxienez bi kasutan), 2 bisonte, gutxienez 2 lehoi, horietako batek buztana altxatuta dauka, eta oraindik zehaztu gabe dauden lau oineko lau animalia. Duela 14.500 urteko artearen berrikuntza ikonografikoen adibide argia da leize hau, eta adituek azaldu dutenez, grabatuen multzo gisa une honetan Iberiar penintsula osoan ezagutzen den multzo ikusgarri eta harrigarriena da.

Aurkikuntza honen beste berrikuntzetako bat lerro eta zirkulu erdiko ikurrak dira, Madeleine aldiko arte abstraktua irudikatzen dutenak. Frantziako Pirinio inguruan dauden grabatuen berdin-berdinak dira, eta lehen aldiz ageri dira Bizkaiko Lurralde Historikoan eta, dirudienez, baita Iberiar penintsulan ere.  Honek, horrenbestez, garai hartan komunitateen artean egon zitezkeen harremanen teoria indartzen du. Koban aurkitutako klabiforme piriniotar izenekoak beste batzuen berdin-berdinak dira, eta ezaugarri hori ere ezohikoa izan da orain arte Bizkaian.

Leize zapaldugabearen barrunbea

Grabatuen panel nagusia aurkitu den lekua orain arte "zapaldugabea" edo "birjina" dela esan daiteke; hortaz, ikerketarako potentzialak interes handia piztu du, metodo arkeologikoa aplikatuz lor daitekeen ezagutzari dagokionez. Ia segurtasun osoz esan daiteke panel nagusia dagoen kobazuloko barrunbearen hondoko lurra duela 14.000 urtetik hona inork ez duela zapaldu eta, seguru asko, Paleolitoko garai hartan grabatuak egin zituen/zituzten pertsonaren edo pertsonen arrastoak ere aztertzeko aukera izango dugu.

Zalantza izpirik gabe, aurkikuntza hau gure historia aurkitu eta hobeto ezagutzeko lagungarria izango den informazio iturria izango da, eta ikerkuntzatik gure nortasunean sakontzeko baliagarria izango zaigu.

Barrunbeak, gainera, zailtasun handiko sarbideak ditu irisgarritasunari dagokionez, eta ez da jendaurrean zabalduko eremuaren zaintza irizpide nagusia delako; hala ere, Kortezubin, Santimamiñeko multzoaren kudeaketa eremuan jasotako ezagutzari eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerei esker herritarrek leizearen aberastasunarekin gozatu ahalko dute.

Bizkaiko Aldundiak egindako ikerketa lana

Armintxeko koban Paleolitoko hormarteko grabatu hauek aurkitu izana Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondare Zerbitzuak 2004. urte amaieran eta 2005. urte hasieran sustatutako ikerketa lerro baten barruan kokatzen dira. Beste ikertzaile batzuek egindako lana lerro horren oinarri gisa hartu zen, baina batez ere On Joxe Migel de Barandiaran jaunak egindakoa; hortik abiatuta, printzipioz Bizkaian paretetan artea izan zezaketen kobazuloak berrikusteko estrategia bat ezarri zen. Estrategia horren emaitza gisa, hamarkada batean Bizkaian Paleolitoko garaitik apaindutako hiru koba ezagutzetik (Venta de La Perra, Santimamiñe eta Arenaza) guztira 16 leizeko kopurura igaro gara (gehitu behar dira El Rincón, El Polvorín, Antoliña, Askondo, Bolinkoba, Lumentxa, Morgota, Ondaro, Abittaga, Goikolau, Atxurra eta Armintxe; eta ziurtasun txikiagoarekin Atxuri I ere gehitu daiteke).

"Arte parietala ikertzeko teknika eta metodoei buruzko istoria berria" workshopa, urriaren 20an eta 21ean Ondare Aretoan izango da

Azken etapa honetan Bizkaian garatutako lanak arlo horretako adituen artean dei efektua ere izan du. Horregatik, Europako hormarte ikertzaile onenak batuko dituen biltzar bat antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Topaketa honetan bi alderdi uztartu nahi dira: batetik, ikerketa arkeologikoko teknika berrien ezagutzan sakontzea, historiaurreko arteari lotuta; bestetik, aurkikuntza artistikoak zabaltzea eta partekatzea.

Workshop hau urriaren 20an eta 21ean egingo da Ondare Aretoan, eta hormarteari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko aukera paregabea izango da.

Bidenabar, saio, hitzaldi eta mahai inguru hauetako emaitza zientifikoak Bizkaiko Foru Aldundiaren Kobie aldizkarian argitaratuko dira, eranskinen monografikoen barruan, 2017an.

Bizkaiak duen ondare aberastasuna labar artean aldaketarik egin gabe herritarrei hurbiltzeko asmoz, eta kultura ondare paregabea zaintzeko konpromisoaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketa eta herritarren gozamena ahalbidetzen duten teknologia berriak erabiltzean aurrera egiten jarraitzen du. Proiektu honen helburua Bizkaiko kobazuloen eredu digital bat sortzea da, pinturak, grabatuak eta bestelako aberastasunak herritarrei gerturatzea posible izan dadin, betiere gure ondarea kaltetu gabe. Hain zuzen ere, nahi duenak gure horma artearen aberastasuna Rekalde Aretoan ikusi ahalko du, azaroaren 2tik aurrera. Gizakien sormenari buruzko erakusketa izango da, eta gure kobazuloetatik hiru dimentsioetan bidaiatu ahalko da.

Informazio iturria eta argazki gehiago bizkaia.eus web orrialdean.