Noticias

 

LEKEITIO GUNE GORRIAN SARTU DA

Azken 14 egunetan birusaren intzidentzia tasak gora egin ostean, ehun mila biztanleko 622ra arte heldu da. Ondorioz, ostalaritza establezimenduak itxi egin beharko dira. Neurri gehiago hartzea aztertuko da.

COVID19aren kutsadurak zeharo egin du gora Lekeition eta, ondorioz, egoera larri baten aurrean gaude. Azken 14 egunetan birusaren intzidentzia tasa ehun mila biztanleko 622ra arte igo da, gune gorrian sartzeko beharrezkoak diren 500 horiek gaindituz.

Guztira, azken bi asteetan 40 positibotik gora egon dira eta ondorioz, segurtasun protokoloa zorroztu egingo da. Ostalaritza establezimenduak zarratzeaz gain, COVIDaren kutsaduraren hedapena aztertuko da egunotan eta posible da neurri berriak jartzea.

Maskarila erabiltzea, besteekiko segurtasun distantzia mantentzea, kalean ez erretzea edota higiene protokoloa jarraitzea ezinbestekoak dira COVIDaren kutsadura geldiarazteko. Egoeraren jakitun izan behar dugu, eta ezin gara arriskatu birusa beste herri batzuetara eramaten. Lekeition egotea eskatzen zaie herritar guztiei eta, bigarren etxebizitza hemen dutenei, ez etortzea gomendatzen zaie. Aukerarik onena norbere etxean mantentzea da.

Momentuz, taberna eta jatetxeek eskaerak bakarrik prestatu ahalko dituzte, establezimenduetan bertan jasotzeko edota etxez etxeko zerbitzua emateko, beti ere aldez aurretik hitzordua eskatuta eta ordutegi baten barruan, Eusko Jaurlaritzak zehaztu bezala. Lekeitioko udala Osasun Saileko ordezkariekin harremanetan dago COVIDaren bilakaera aztertzeko. Honen hedapenaren arabera, hurrengo egunetan neurri zorrotzagoak hartzea beharrezkoa den aztertuko da.

Gune gorrian sartzeak dakartzan neurriez gain, hurrengo astelehenean osasun sailaren batera aztertuko da egoera eta horren arabera zehaztuko da neurri gehiago hartzea beharrezkoa den.

Segurtasun neurriak betetzea eta erantzukizunez jokatzea eskatzen zaie herritar guztiei, horiek betetzea ezinbestekoa baita egoera zail honetatik irten ahal izateko.