Noticias

 

Vueling hegazkin konpainian gertatutakoaren harira, Kontsumobidek hegazkinez egindako bidaietan gertatzen diren egoera desatseginetan nola jokatu azaltzen du.

Udarekin batera, nabarmen ugaritzen dira oporretako joan-etorriak. Berdin dio aukeratutako garraiobidea: hegazkina, trena, itsasontzia edo autobusa. Europar Batasuneko herrialderen batera joango bazara, edota Islandia, Norvegia edo Suitzara, ezagutu egin behar dituzu zure eskubideak, haiek baliatu ahal izateko zerbait gertatuz gero. Lehenengoa, inolako bereizkeriarik ez izateko eskubidea da: ezin dizute gehiago kobratu zure nazionalitatearen arabera edo txartela erosten duzun tokiaren arabera. Gogoratu, oporretan zu zoaz, ez zure eskubideak.

Bidaia hegazkinez egingo baduzu:

Informazio-eskubidea: Ez badizute hegazkinera sartzen uzten, arrazoiak jakinarazi beharko dizkizute (gainerreserba, hegaldia bertan behera utzi, atzerapen handia...) eta zure eskubideen berri eman beharko dizute.

Arreta-eskubidea: Hegaldiaren distantzia eta atzerapenak zenbat irauten duen kontuan hartuta, beharbada ostatua, jatekoa eta freskagarri nahikoak eman beharko dizkizute; baita telefono-dei bi egiteko aukera, telefax edo fax bi igortzeko aukera edo posta elektroniko bi igortzeko aukera ere.

Bost ordu edo gehiagoko atzerapena gertatzen bada, txartelaren zenbatekoa itzultzeko eska dezakezu. Hautu hori eginez gero, uko egiten diozu aire-konpainiak eskaini ditzakeen ordezko garraiobideei edo edonolako laguntzari.
Gainerreserba kasuetan edota hegaldia bertan behera utziz gero, hautatzeko aukera eman behar dizute:

Kontratua betetzeko eskubidea: Ordezko garraiobide bat zure destinora iristeko.

Kontratuari uko egiteko eskubidea: Txartelaren zenbatekoa itzultzea. Azken kasu honetan, eta hala badagokio bakarrik, abiapuntura ezer ordaindu gabe itzultzea erreklama dezakezu.

Diru-konpentsazioa jasotzeko eskubidea, egoerak kontuan hartuta:
Gainerreserba, bertan behera uztea edo hiru ordutik gorako atzerapena gertatuz gero, eskubidea daukazu 250 eta 600 euro arteko zenbatekoa jasotzeko, ibilbidearen distantziaren arabera. Zenbatekoa erdira jaitsiko da beste hegaldi bat eskaintzen badizute antzeko ordutegian.
Ez daukazu diru-konpentsazioa jasotzeko eskubiderik hegaldia aparteko gorabeherengatik uzten bada bertan behera, eguraldi txarragatik, esaterako; aste bi lehenago jakinarazi badizute edo beste antzeko hegaldi bat eskaintzen badizute. Kasu horietan, txartelaren zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango duzu, ordezko garraiobide bat edota bidaia atzeratzea zuk hautatutako beste data batera, tokirik baldin badago betiere.

Fakturatutako ekipajea galdu, hondatu edo hura ematen atzerapena badago, konpentsazioa eskatzeko eskubidea izango duzu, 1.131 igorpen-eskubide berezi (DEG), hain zuzen. 2016ko ekaineko balio eguneratua 1.400 eurotan dago finkatua konpentsazioa. Artikuluen balioa gehiago bada, fakturatzeko unean ekipajearen balioaren aitorpen berezia egin dezakezu eta gehigarri bat ordaindu, edo aseguru pribatu bat kontratatu.
Ekipajearekin gorabeheraren bat badaukazu, bete ezazu berehala Ekipaje Gorabeheren Partea (PIR) aire konpainiaren mahaian. Une horretan ezinezkoa bazaizu, gogoratu epeak daudela idatzia aurkezteko:
Zazpi egun ekipajea kaltetu bada.
Hogeita bat egun galdu bada edo atzeratu badira hura ematen.

Zure eskubideak urratu dituztela irizten badiozu, aurkeztu erreklamazioa aire konpainiari.