Noticias

 

Sormena gizakiaren ezaugarri berezkoa da. Inguru geografikoari egokitzea baimendu dion indarra; ezbeharreri aurre egiteko tresna, sarritan ezbeharra bera aukera bihurtuz.

Gizon-emakumeek dira artea sortzeko ahalmen sinbolikoa daukaten izadi bakarrak. Zentzu horretan, gero eta adierazpen artistiko zaharragoak aurkitzen ari gara. Gizataldeek beraien bizipenak, ametsak edo ikarak, gorputzetan, tresnetan eta hormetan adierazi dituzte, irudiak pintatuz edo grabatuz.
Bizkaiko kobazuloetako hormetan Paleolito garaiko artea dago.

Azken urteetan erakunde, arkeologo eta espeleologoen lankidetzak, hainbat kobazulotan historiaurreko artea aurkitzea eta ikertzea ahalbidetu du. Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenazako (Galdames) kobeei, oraintsu El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentxa eta Armintxe (Lekeitio) edo Morgota (Kortezubi) gehitu zaizkie.

Egindako lana eta emaitzak ikusteko, erakusketa antolatu da. Teknologi berriak erabiliz sormenarekin esperimentatu daiteke, Paleolitoko artea (XXI. mendeko euskarrietan ikusgai) gaur eguneko adierazpenekin erlazionatuz. Iraganaren keinu bat garaikideari.

Murgiltze-sistema baten bidez, hiru kobazulo bisitatuko dira era birtualean: Ventalaperra, Santimamiñe eta Armintxe. Sentipen berezia sortzea da helburua. Bisitariek Bizkaiko arte adierazpen zaharrenekin gozatzea, banaka eta era intimoan. Horretarako “okulo” batzuk erabiliko dira. Gure begietan “okuloak” jarri eta bisita aparta egin daiteke Paleolitoko sormenaren espazioetara.

Miquel Barcelóren eskutik ikusiko dugu nola uztartzen diren espazio bakar batetan paleolitoko artea, garaikidea eta digitala, non hiruren arteko ezberdintasunak urtu egiten diren. Bisitaria emozio-giro ezohiko eta berritzaile batetan murgilduko da.

Erakusketa Lekeition egongo da, azaroaren 30etik urtarrilaren 7ra arte Barandiaran aretoan. Asteburuetan zabalduko da barikuetan 18:00etatik 20:00etara eta zapatu- domeketan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an eta 31n goizez zabalduko da erakusketa. Ikastetxeetako ikasleek ere izango dute bisita bereziak egiteko aukera. Informazio gehiago, Lekeitioko Turismo bulegoan.