Noticias

 

Lekeitioko Udalak auzokideekin batera hasitako parte hartze prozesutik irtendako bi proiektuak aurkeztu dizkie auzokideei eta urriaren 21ean bozkatuko dute euren gustukoena.

2017ko uztailaren 4an auzotarrekin topaketa egin zen. Bertan jasotako informazioa eta ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, San Andres auzoa berriztatzeko bi proiektu proposamen osatu dira. Hauek, pasa den barikuan, urriaren 6an, auzokideei aurkeztu eta azaldu zitzaien Lekeitioko Udalak deitutako batzar zabalean.

Hurrengo pausoa behin-betiko proiektua aukeratzea izango da. Horretarako San Andreseko auzokideek urriaren 21ean (zapatua) proposamenik gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Bozka gehien lortzen duen proiektua izango da garatuko dena.

Boto gehien duen proposamena behin betiko proposamena izango da beraz eta berau osotua dagoenean, publikoki aurkeztuko da bere xehetasunak azaltzeko: itxura, forma materialak…

Auzokideek egingo duten bozketa urriaren 21ean, zapatuan, Kultur Etxeko Agustin Basterretxea gelan (RM Azkue kaletik sartuta), 10:00etatik 13:30etara izango da.

• Etxebizitza edo lokal bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du: jabea NANarekin hurbildu beharko da bozkatu ahal izateko (jabe bat baino gehiago egongo balitz, beraien arteko adostasuna lortu beharko dute; horrela izango ez balitz, bozkatzera lehenengo heltzen denaren bozkak balioko du).

• Urriaren 21ean bertan, 13:30etan epea amaitu ondoren, boto-kutxa zabaldu egingo da San Andreseko ateta bakoitzeko lehendakariak aurrean direla eta Lekeitioko Udaleko idazkariak emaitza ziurtatuko du.

AURREKARIAK:

San Andres auzoa 1966.-1967. urteetan eraikitako bost bloke lerrokatuk osatzen dute. Eremua hasieratik amaitu gabe egon da, espazio publikoaren, kaleen eta sarbideen urbanizazioari dagokionez, eta oraindik amaitu gabe jarraitzen du leku batzuetan. Auzoak irisgarritasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua ditu arazo handienen artean. Hori dela eta, auzokideen urteetako eskariari erantzunez, San Andres auzoko espazio publikoaren hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obren proiektua idatzi eta ondoren proiektuaren exekuzioa burutzeko konpromisoa hartu zuen Lekeitioko Udalak.

1. AUZOTARREKIN BATZARRAK

Hori horrela izanik, Lekeitioko Udalak auzokideekin hainbat batzar izan zituen eman beharreko pausuen inguruan azalpenak eman, eta proiektua zehazterakoan eta garatzekoan auzokideen elkarlana, ekarpenak, proposamenak etab. oinarrizkoak izango zirela adierazteko.

San Juan pasealekua berriztatzeko egin zen bezala, Lekeitioko Udalak San Andres auzoa berriztatu ahal izateko jabetza pribatuko lurrak auzoaren, eta azken finean herritarren, onurarako eskuragarri izan behar zirela ere azaldu zitzaien auzokideei. Lekeitioko Udalak auzokide guztien adostasuna izan zuen auzoaren berriztatzea burutzeko beharrezkoak ziren jabetza pribatuko lurrak lagatzeko eta erabilera publikoko lur bihurtzeko.

 

2. AUZOTARREN PARTE-HARTZE ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Auzokideekin izandako elkarrizketetan eta  beraien eskaerei  erantzunez, - parte-hartzeari    eta    erabakitzeko   eskubideari   dagokionez, Lekeitioko   Udalak   eta   gaur   egunean    Udalean   ordezkaritza  duten   alderdi   politikoek 2017ko urtarrilaren 12ko Osoko Bilkuran aho batez konpromiso agiri bat onartu zuten.

Konpromisoen artean Lekeitioko Udalak urbanizazio proiektua lantzerako, zehazterako eta onartzerako orduan auzokideen parte-hartzea eta elkarlana bermatuko zituela hitzematen zen. Gainera, San Andres auzoa berriztatzeko proiektu aukera ezberdinak agertuko balira, auzokide-jabeek erabakitzeko eskubidea izango zutela onartu zen; kontsulta baten bitartez auzo-jabeen gehiengo sinple batekin behin-betiko proiektua aukeratuko litzateke.

3. URBANIZAZIO PROIEKTUA IDAZTEKO LANAK

San Andres auzoa eta ingurua urbanizatzeko proiektua idazteko lanen proposamena aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 12an bukatu zen. Adjudikazio prozesuan Estudio K enpresa suertatu zen irabazle, proiektua idazteko lau hilabetetako epea ezarriz eta prozesuan zehar auzokideen parte hartzea sustatzeko konpromisoa hartuz.

4. SAN ANDRES AUZOA “LEHENTASUNEZKO ESKUHARTZE GUNEA” IZENDATZEA

Ekainaren 8an burututako Osoko Bilkuran San Andres auzoa “lehentasunezko eskuhartze gunea” izendatzeko prozesuari hasiera emateko erabakia hartu zen.

Izendapen honen bitartez Lekeitioko Udalaren helburua diru-laguntzak jasotzerako orduan abantailak izatea zen, bai Udalarentzat auzoa urbanizatzerako orduan eta baita auzokideentzat ere etxebizitzetan edota eraikinetan egin beharreko hobekuntzetarako; hala nola, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren aldeko hobekuntzak egiteko orduan.


1. PROPOSAMENA



2. PROPOSAMENA