Noticias

 

Turismo bulegoak 13.000 bisitari baino gehiago jaso ditu udan

Uda honetan Lekeitiora etorri direnen kopuruak gora egin du turismo bulegoak jasotako datuek azaltzen duten bezala. Uztailean eta abuztuan zehar 13.057 bisitari jaso ditu bulegoak, iaz baino 387 gehiago.

Bestalde, epe honetan hurbildu diren bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak frantziarrak (1.798), bizkaitarrak (1.720), madrildarrak (1.453) eta kataluniarrak (1.356) izan dira.

Era berean, Lekeitioko Santa Katalinako Itsasargiak 1.077 bisita izan ditu udan zehar. Datu hauek aztertzeko 2017koekin konparatu behar ditugu, izan ere iaz egun batzuetan itxita egon zen itsasargia. Duela bi urteko datuak eskuan, orduan baino 239 erabiltzaile gehiago egon dira aurten (2017an 838 izan ziren).

Elizari dagokionez, bisitari kopuruaren igoera oso adierazgarria da. 2.331 bisitari hurbildu dira bertara udaldian, iaz baino 714 gehiago (2018an 1.617 izan ziren). Igoera hau Marierrotan ere nabarmena da, guztira 822 erabiltzaile izan baititu, aurreko udan baino 328 gehiago (2018an 494 erabiltzaile).

Orokorrean turisten kopuruak gora egin du esparru guztietan iazko datuekin konparatuz. Hortaz, udaldiaren balorazioa oso positibo izan da eta turismo bulegoan zein itsasargi, eliza eta marierrotak jaso dituen bisitari kopuruak gora egin du.