Noticias

 

Lekeitioko Udalak, herriko historia eta ohituren transmisioa hezkuntza formalean ere eman behar dela iritzita, www.ahotsak.com proiektuan jasotako testigantzak herriko ikastetxeetara eramatea erabaki du. Hala, 2013-2014 ikasturtean hezkuntza proiektu pilotua jarri genuen martxan. Eta dagoeneko prest dugu “Gerra Zibila Lekeition” ikus-entzunezkoa. 8 minutu inguruko bideoa da, herriko ikastetxeetan erabiltzeko egina. Helburua herriko nagusien testigantzak eskoletara eramatea da, transmisioa etxeko sukaldetik ikasgelara eramatea. Eta Curriculumean txertatzea.

Horretarako, herriko ikastetxeekin bildu, eta testigantzetan jasotako gai interesgarrienen zerrenda eman zitzaien. Irakasleei Gerra Zibila klasean lantzeko gai aproposa izan zitekeela iruditu zitzaien. Orain, bideo horrekin ikasgelan probak egin beharko dira, ea nola funtzionatzen duen. Aurrera begira bideo muntaia gehiago ere egin daitezke, gai interesgarri asko jaso dira eta. Gure ustez oso inportantea da gazteek ezagutza hori izatea, herriko kontuak adineko herritarren ahotik ezagutzea. Hori bai, ez da lehen pausua izango norabide horretan: Iturriotz institutuan 2. Batxilergoko ikasleek urte dezente daramatzate ahotsak.com-eko testigantzak transkribatzen, Euskara ikasgairako.

2010. urtetik Lekeitioko Udalak eta Badihardugu Elkarteak hitzarmena dugu, Ahotsak proiektua aurrera ateratzeko. Proiektu hori herri hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko eta zabaltzeko sortu zen, duela hamar urte pasatxo. Adinekoak bideoan grabatu, eta jasotakoa Interneten jartzen dute, erabiltzaile denen eskura.

Lekeitioko orrialdean (www.ahotsak/lekeitio/) 56 herritar ageri dira: gehienak Lekeitioko Ahotsak proiekturako elkarrizketatutakoak, eta beste batzuk aurretik beste proiektu batzuetarako grabatutakoak. Ahotsak proiektuaren funtzionamentua grabaketak egin, grabatutakoa hustu, pasarteak identifikatu, eta gero bideo onenak sarean jartzean datza. Une honetan 27 grabazio daude kodifikatuta (minutuz minutu laburtuta eta gaika sailkatuta), eta 400 bat audio eta bideo artxibo on-line jarrita (entzungai eta ikusgai).

“Gerra Zibila Lekeition” bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=jNUzjDwfpFI&feature=youtu.be