Albisteak

 

Otsailaren erdialdean bigarren auzokonpost gunea ezarri da Lekeition. Letraukua eta San Andreseko auzokonpost guneetan 120 etxe unitate dabiltza bere hondakinak ongarri bihurtzen. 40 famili hasi ziren Letraukuako proba pilotuan eta beraien esperientziatik beste 80 etxe animatu dira bolondres proiektura.

Herritarren harrera ona eta interesa ikusita, itxaron zerrenda zabaldu du udalak, auzokonpost gune hauetan partehartzeko edota urtean zehar zabaldu nahi den auzokonpost gune berrirako. Izen ematea, udaleko harrera orokorretan egin behar da.

Guzti honek funtzionamendu egokia izan dezan, gune horien kudeaketa egokia arautu behar da eta, era berean, konpost eginez beren etxeetako biohondakinak kudeatzeko prest dauden herritarren eskubideak eta betebeharrak arautu behar dira.

Lekeitioko Udalak dituen lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa dago, baita haien kudeaketa moduetan hobekuntzak ezartzea ere. Horregaitik, aurreko asteko  Osoko Bilkuran auzokonpost guneak arautzeko udal ordenantza onartu berri da Bildu eta EAJ-PNVren bozkekin. Hemendik aurrerako pausua, proiektua zabaltzea da eta modu boluntarioan parte hartu nahi duen lekeitiar orori bere etxeko biohondakinak kudeatzeko aukera ematea.