Albisteak

 

1.267 parte hartzaile Lekeitioko mendi martxan

Lekeitioko Mendi Martxa atzo, maiatzak 5, ospatu zen eta arrakasta nabarmena izan zuen. Guztira 1.267 parte hartzaile izan ziren eskualdean erreferente bilakatu den mendi martxa honetan, azken urteetan izan den jende kopuru handiena batuz.

Mendi martxa azken lau urteetan jarraian ospatu da. Atzera begiratuz, 2016an 486 pertsona izan ziren mendi martxan, 2017an zenbaki berbera errepikatu zen, hots, 486 pertsona berriz ere, 2018an kopuruak gora egin zuen 940 parte hartzailera helduz eta aurten, 2019an sekulako zenbakiak lortu dira, aldez aurretik ia mila pertsonak eman zuten izena eta egunean bertan izandakoak gehituz, guztira 1.267 izan dira Lekeitio, Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexako mendietan zehar.

Bertan bi ibilbide egon dira. Alde batetik, bide luzeak 21,5 km izan ditu eta Lekeitiotik irten eta Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexatik igaro da, gero Lekeitiora bueltatuz. Irteera goizeko 8:00etan egin da plazatik. Ibilbide laburra bere aldetik, 10:00etan hasi da, 9,5 km izan ditu eta Lekeitio, Ispaster, Mendexa eta Amoroto zeharkatu ditu.

Lekeitioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie antolatzaile, laguntzaile eta parte hartzaile guztiei, denen lanaren emaitza izan baita Lekitto-Lekitto mendi martxak izandako arrakasta.