Albisteak

 

Lekeitioko Udalaren 2015eko aurrekontuak onartu dira Osoko Bilkuran, EH Bilduren aldeko 8 botoekin eta EAJren kontrako 4 botoekin. 7.633.406 euroko aurrekontua da onartu dena. Aurreko urteetakoa baino handiagoa. Legegintzaldian hartutako neurri ekonomikoei esker, 2015ean hainbat inbertsio egiteko ahalmenean gaude. Beti ere, udal honek herritarren beharrizanak lehenesten ditu aurrekontuetan eta hori dela eta, urte guztian zehar batzordeetan landutakotik eta herritarren ekarpenak jasoz eraiki da plangintza. 2015eko inbertsioak beraz herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira: San Juan auzoan eta Harbiatx Plaza konponketak egitea; Agustindar komentuko parkinean sarrera konpontzea; Kiroldegiko teilatuan birgaitzea; Isuntzako lokaleko arazoak konpontzeko obrak abiaraztea; Musika Eskolarako partida indartzea eta beharrezko duten eraikina lortzeko pausuak ematen jarraitzea; Plaza merkatua eta Abaroa Gunea eraberritzeko dirua zuzentzea: Hezkuntzarako dirulaguntzak indartzea; Gazte Gune eta Ludotekan gehiago inbertitzea edota Ikusgarri Aretorako hobekuntza teknikoak egitea barne hartu behar ditu 2015-eko aurrekontuak. Zentzu honetan, udal gobernu honek kezkaz ikusten du EAJ-k herritarren beharrizanak lehenesten dituen aurrekontu batzuk ez babestea. Batez ere, bizi garen garai hauetan, politika eta aurrekontu publikoak herritarron ezberdintasun ekonomikoak apaldu eta bizi kalitatean eragin behar dutela uste baitu udal gobernu honek.

Legegintzaldi honetan martxan jarri dugun gestio ekonomikoari esker, askoz diru gehiago inbertitzea lortu dugu. Iaz adibidez, 400.000 eurotik gora inbertitu ahal izan genuen azpiegituretan. Hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso ditugu hainbat proiektutarako, baina dirulaguntzak jasotzeko beharrezko baldintza da urte horretako udal aurrekontuetan agertzea. Izan ere, plangintzatuta ez badago, ezinezkoa baita diru laguntzak eskatzea. Hori horrela, 2014ko aurrekontuetan sartu ez bagenitu egin nahi genituen obra eta inbertsioak, 200.000 euro baino ez genuke izango gastatzeko. Hau da, iazko aurrekontuetan inbertsio hauek sartuko ez bagenitu, ezingo genuke esaterako, Nautikako eraikineko konponketa lanak egin, Merkatu Plaza eraberritzeko plana martxan jarri, igerilekuko hobekuntzak burutu edota Abaroa Parkea zabaldu.

Horregatik, udalak nahiago du inbertsio posible guztiak kontenplatu eta gero, diru sarrerak jasotzen joan ahala, lehentasunen arabera gauzatu. Kudeaketa ekonomiko honi esker, hasieran aurreikusitakotk 200.000 euro baino gehiago izan genituen iaz herritarrengan inbertitzeko.

Inbertitzeko diru gehiago izateaz gain, 2009tik jasotako zorra erdira baino gehiago jeistea lortu dugu, 5 milloi eurotik  ia 2 milioi eurora jeitsi dugu Lekeitioko Udalak duen zorra. Kontuak zorroztasunez egin ditugu eta ez dugu zorpetuta biziko den herri bat bultzatuko. Lau urtetan udal kontuak saneatzea lortu dugu, udal ordezkarien dietak jeitsiz, gastu arrunta razionalizatuz,  eta udal ordezkari liberatuen soldatak nabarmen jeitsiz. Zorra kitatu eta inbertsioak handitzea lortu dugu, eta sartzen den dirua baino ez dugu gastatzen berriz ere zorrik ez sortzeko.

Amaitzeko, udal gobernu hau arduratuta dago oposizioko alderdi bakarrak erakutsi duen arduragabekeria eta kudeaketa eta perspektiba ekonomiko faltagatik. Osoko Bilkuran bertan adierazi zutenez, ez dakite oso ondo inbertsioetarako dirua zertan gastatu den eta ez diote jarraipenik egin gastuari, nahiz eta momentu oro informazio guztia eman zaien. Horrez gain, urte osoan ez diote ekarpenik egin aurrekontuei. Azken urteetako moduan, kritika hobekuntzarako proposamen konkretuetan oinarritutakoa izan beharrean, udalaren gestiorako ezgaitasuna erabili izan dute hizpide, beti ere prentsa adierazpenen bitartez. Udal honen parte izanda ere, ez dute politika eta gestio lanik egin aurrekontuei begira. Udal honen norantzak diseinatzerakoan, inplikazioa talde guztiek izan behar dutela uste du udal gobernu taldeak.

Krisialdi ekonomikoaren erdialdean hasi zen udal gobernu hau martxan, eta etorkizuneko lekeitiarrok hipotekatuz oso zorpetuta zegoen udala jaso genuen orduan. Hala ere, lehentasunak herritarrengan jarri eta beraien bizi kalitatean eragiteko aurrekontuak osatu ditugu lau urtez. Inbertsioak nabarmen igo dira egindako kudeaketa ekonomikoari esker eta gainera 3 milioi euro jeitsi dugu zorra.