Albisteak

 

Inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira

 

Eguen honetan, otsailak 26, 2015erako aurrekontuen lehenengo proposamena osoa aurkeztuko zaie herritarrei Azkue aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, aurtengo plangintza ekonomikoari dagokionez proposatzen diren nondik norako nagusiak azalduko ditu udal taldeak eta iradokizunak egiteko tartea izango dute herritarrek. Aurrekontu proposamena osatu da udal batzorde ezberdinetan egindako iradokizunak eta urtean zehar jasotako proposamenak kontuan edukita.

Azken 3 urteetako aurrekontu positiboenak aurkeztuko ditugu ostegunean. Legegintzaldian hartutako neurri ekonomikoei esker, 2015ean hainbat inbertsio egiteko ahalmenean gaude. Beti ere, udal honek herritarren beharrizanak lehenestuko ditu aurrekontuetan. Hori dela eta, inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. Barruko garapena bilatzen dugu, gure herritarren bizi kalitatea hobetzean egiten dugu apustu.

Hirigintza alorrean, 2015ean hainbat konponketa lan eraman nahi dira aurrera. Harbiatx plazako eta San Juan auzoko konponketak martxan jartzea da asmoa, eta Agustindar komentuaren parkineko sarrera ere irisgarriagoa egin nahi da.

Eraikin ugariren gaineko interbentzioa ere aurreikusten dugu aurrekontuetan: Kiroldegian, Abaroa Jauregian eta eremu horretako etxe txikian, Plaza Merkatuan, Apalloa 5eko eraikinean. Kiroldegiari dagokionez, teilatua konpontzeko lanak eramango dira aurrera 2015ean, herritarrek kirol azpiegitura egokiak izatea lehentasunezkoa baita. Abaroa Gunean berriz hainbat inbertsio egin nahi dira, proiektuari bultzada emateko. Alde batetik, Abaroa Jauregiko teilatua konpontzen hasiko gara, eraikinak kalte gehiago ez jasotzeko eta bestetik etxe txikia egonkortzeko lanak ere eramango dira aurrera. Horrez gain, Merkatu Plazako eraberritze planak aurrera jarraitzen du eta 2015 aurrekontuekin behenganea hobetzeko obrak jarri nahi ditugu martxan. Azkenik, Apallo 5eko lokala konpontzeko obrak hasiko ditugu, asmoa oso leku egokian dagoen azpiegitura kultur baliabide bezala erabili ahal izatea da.
 
Hirigintzako inbertsioez gain, kultur arloa estrategikoa da legegintzaldi hasieratik. Bestelako turismo eredu bat sortu nahi izan dugu kulturari tiraka, baina ez hori bakarrik, kultura motore ekonomiko izan daitekeela ere aipatu dugu sarritan. Ikusgarri Aretoko alokairua eta bertan martxan jarri dugun kultur programazioa oso positibotzat jaso dute herritarrek eta beraz, kultur arloan lortutako maila mantentzea izango da aurtengo helburuetako bat. Hori horrela, Ikusgarri Aretoan hobekuntzak egingo ditugu, besteak beste eszenatoki osagarri bat jarriko dugu bertan, ikuskizun handiagoak ekarri ahal izateko eta Zine Bileran alokatu beharra ez edukitzeko. Aipatzekoa da erosiko den eszenatokiak kalean egiten diren ekimen ezberdinetarako ere balioko duela. Musika Eskola ere, lehentasunezko proiektua da udal talde honentzat, hezkuntza musikal kalitatezkoa eskaintzen baitute hainbat eta hainbat ikasleei. Hori horrela, eskola honentzat laguntza ekonomikoa zertxobait indartzea lortu dugu aurten eta behar duten lekua eskaintzeko pausuak ematen jarraituko dugu. Bestetik, zegoen aisialdi zerbitzuaren balantze negatiboa ikusita eta horrek udalari suposatzen zion diru kantitate itzela kontuan izanda, Palpalian prozesua jarri zen abian 2013-2014 ikasturtean. Bertatik, aisialdi zerbitzu egokiagoa definitu genuen eta irailetik zerbitzu berria arrakastaz dago martxan. Zerbitzuak Lekeitioko haur, gazte eta guraso askoren babesa jaso du eta erabiltzaile kopurua asko igo da. Horregaitik, aurtengo aurrekontuekin, zerbitzua indartzeko diru kopurua ezarriko da. Gainera beharrizan bereziak dauzkaten umeentzako monitoreak ere jarriko dira.

Azkenik, udal zerbitzu batzuk indartu nahi dira, esaterako euskara teknikariaren jarduna igotzea proposatzen dugu. Komunikazio ikuspegitik, webgune berria garatu nahi da denbora eta beharrizan berriei egokitzeko. Ingurugiro alorrean berriz, energia egitasmo alternatiboak landu eta auzokonpost gune berriak ezarriko dira. Azkenik udaltzainentzako kotxe hibrido berria erostea ere adostu da. Dauzkaten ibilgailuak zaharkituta daude eta berria erostea ezinbestekoa da. Hibridoaren aukera ikusi da egokitzat, ekologikoago delako, kontsumo gutxiago izateak onura ekonomikoa ere badakarrelako eta udaltzainak ematen dioten erabilerarako kotxe egokiagoa delako. Hau da, matxura gutxiago aurreikusten dira abiadura murriztuan elektrikoki bakarrik ibiltzen delako.

Aipatu behar da, baita ere, azken urteetan asko aurreratu dela udalak zuen zorren amortizazioa. Horrek gastuak bajatzea ekarri du eta, ekimenetarako tartea handitu egiten da ondorioz. Udal baliabideen erabilera asko arrazionalizatu da azken urteetan eta, ari gara ikusten emaitzak. Hori dela-eta inbertsioetarako diru gehiago daukagu aurten.

Hau guztia azalduko da osteguneko aurkezpen horretan. Ogasun batzordean ere egin da aurkezpena, eta oposizioak ere jaso du planteamendua. Aurrekontu proposamena webgunean dago jada, herritarrek iradokizunak egin ahal izateko. Jasotako iradokizunak aztertu ostean, hurrengo pausoa, Osoko Bilkuran plangintza onartzea izango litzateke eta beharrezko tramitea pasa ostean indarrean jarriko litzateke.