Albisteak

 

“Udaletik” aldizkariaren bitartez herriko etxe guztietara 2017ko aurrekontuen proposamena iritsi zen azaroaren 28an.

Azaroaren 29tik Udalak dituen web orrialde eta sare sozialetan eskegita dago, hiritargoari entzuteko eta parte hartzerako aukera emateko bide gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari baitira.

Aldizkarian bertan parte hartze prozesuaren berri ematen zen; parte hartzeko baldintzak, modu edo bitartekoak eta prozesuaren epe ezberdinak.

Epeei dagokienez, azaroaren 28tik abenduaren 22ra bitartean herritar orok aurrekontuen gaineko ekarpenak egiteko aukera izan du eta horrela egin dute.

Orain, ekarpen epea igaro ondoren eta hauek aztertuta, urtarrilaren 9an, astelehenean,19:00etan kulturetxean herri batzar zabala egingo da urtarrilaren 12ko Osoko Bilkurara eramango den behin betiko aurrekontu proposamenaren gaineko azalpena emateko.