Albisteak

 

LEKEITIOK 7.883.374 EUROKO AURREKONTUA IZANGO DU 2021EAN

Lekeitioko Udalak 2020ko abenduaren 21eko Osoko Bilkuran datorren urteko aurrekontua onartu du EAJren aldeko botoekin.

2021ean Lekeitioko Udalak 7.883.374 euroko aurrekontua izango du, aurten baino 675.777 euro gutxiago, hau da, %8 gutxiago. Izan ere, pandemiak sortutako egoerak beherakada ekarri du diru bilketan. Guztira udalak 759.646 euro gutxiago jasoko du Udalkutxatik datorren urtean.

2021eko aurrekontua EAJ-PNVren aldeko botoekin irten da aurrera. Udal Gobernuaren lehentasuna osasun larrialdi egoera honek sortutako krisiari elkarrekin aurre egitea da eta, beti ere, gehien sufritzen ari diren pertsona eta sektoreak erdigunean jartzea.

Hau horrela, onartu berri diren aurrekontuak pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak ziurtatu eta mantentzearen aldekoak dira, egoera ahulenean aurkitzen diren herritarrak eta negozioak babestera bideratutakoak.

a) Gizarte-larrialdietarako laguntzak bikoiztu egin dira eta oinarrizko zerbitzuak mantendu. Pandemia honek lekittar familia askoren ahultasuna areagotu egin du eta hauei ezinbestean berehalako erantzuna eman behar zaie.

b) 2021ean COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko 200.000 euroko partida onartu da, beharrizanen arabera handitu daitekeena. Gogoratu behar da 2020ean ere 220.000 euroko partida berezia sortu zela Lekeitioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-enpresek izandako galera ekonomikoei laguntzeko.

Gainera, egoera hobetu ezean, Lekeitioko Udalak konpromiso argia du neurri berriak hartzeko eta erraztasunak emateko aurretiaz egin den antzera. Hala nola, ostalaritza establezimenduetako terrazen handitzea, herriko merkataritza indartzeko kanpainak, udal tasen edo kanonen berrikuspenak, eta abar.

c) 2021eko aurrekontuetan ez dira proiektu berrietarako inbertsioak aurreikusten. Une honetan udal kontuek ez dute horrelako aukerarik ematen, partida horiek egungo osasun larrialdiari aurre egitera bideratu baitira.

Hala ere, 2020 urteko likidazioa egitean (martxoak bueltan) eta aurreko urteetako superabitaren ondorioz izandako soberakinak baldin badaude, orduan bai aukera egongo da inbertsio ezberdinak burutzeko.

Bestalde, Udala buru belarri dabil herritarrei eta herriko eragile ezberdinei hitzemandako eta pandemia aurretik aurreikusitako inbertsioak aurrera ateratzeko, nahiz eta inbertsioen epeak luzatu.

d )Udal zerga eta tasek ez dute igoerarik izango.

e) Pertsonaleko kapituluak 250.000 euroko igoera izango du. Langileen soldata igoera eta pertsonal berriaren kontratazioak aurreikusten dira.

Argi dagoena da garai gogorrak datozela, baina herritar eta eragile guztion batasun, elkarlan eta erantzukizunarekin aurrera egingo dugu.