Albisteak

 

Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrena dela eta, Lekeitioko Udalak erakusleihoen eta tabernen girotze lehiaketa bat sortu zuen herritarren parte hartzea bultzatzeko. Lekeitio eta Kale Antzerkia batzen duen ekimen honek sormena eta irudimena saritzea du helburu.

Lekeitioko ostalariei, merkatariei, tabernariei zuzenduta dagoen lehiaketa da; eta bostek hartu dute parte; hiru denda (Txio-Txio, Azoka eta Adan eta Eba) eta bi taberna (Arritxu eta Gallo).

Atzo, martitzena, hilak 8, Barandiaran Aretoan eman zen jakitera irabazlea. Miren Leturia (Lekeitioko artista), Imanol Agirre (jaialdiko zuzendari artistikoa) eta Xabier Arrate (Lekeitioko Udaleko zinegotzia) izan dira epaimahaikideak. Sariak ondorengoak izan dira: lehen saria (700 euro) Arritxu taberna; bigarrena (200 euro) Txio-Txio denda; eta hirugarrena eta azkena, (100 euro) Adan eta Eba  denda .

Hiru saridun hauez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman nahi izan die GALLO tabernari eta AZOKA dendari.

Horiez gain, hainbat denda ari dira lehiaketaz kanpo erakusleihoak girotzen eta Shuka tabernak jakinarazi du aste honetan performance xume bat plazaratuko duela.

Gaur, eguaztena, hilak 9, Deabru Beltzak eta Les Commandos Percu taldeak Lekeitiora helduko dira eta bihartik aurrera DANBOR TALKAren sormen berriaren azken lanak burutuko dituzte. Lekeitioko Kultur kaiak barikuan emango dio hasiera 25. edizioari.