Albisteak

 

Garai politiko berri eta itxaropentsuak irekiak diren uneotan, instituzio, erakunde, talde eta norbanako andanak aldarrikatu du egungo testuinguru politikoan horrelako, eta ondotik datozen, makroepaiketa politikoek lekurik ez dutela. Iraganeko argazkiak direla horiek.

“Dena ETA da” teoriaren aitzakipean ireki zen 35/02 epaia orain dela hamabi urte baino gehiago. Oinarri beretik etorri ziren orduan hainbat egunkariren itxiera, indar politikoen ilegalizazioak eta ehunka pertsonen atxilotze eta espetxeratzea. Eskubide zibil eta politikoen urraketa ageriko honek orotariko erakunde, norbanako eta instituzioen arbuiatze argia ekarri du urteotan. Baita nazioarteko erakunde eta instantzia juridikoena ere.

Orain, epai honen azken sententzia jakanarazi berri den honetan, 104 herriko taberna konfiskatu eta hainbat laguni espetxe zigorra ezarria izan zaie Madrildik politika egiteagatik; guzti honek oinarri oso ezkorra ezarriz ondoren datozen epaiketei begira eta egun bizi dugun egoera politikoari begira ere.

Hau dela eta, Lekeitioko Udaleko EAJ eta EHBildu taldeek ondokoa adierazten dute:

- Eskubide zibil eta politikoen defentsan, horrelako egoerak atzerapausu nabarmenak dira gure herrian. Are gehiago egungo testuinguru politikoan. Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Makroepaiketa politikoekin amaitzeko eskatzen dugu.

- Egun bizi dugun egoera politiko berrian horrelako gertaerek lekurik ez dutela adierazi nahi dugu, eta gure salaketa irmoa mahaigaineratu. Hala nola, bake iraunkor eta justu bat eraikitzeko uneotan, horrelako egoerak eman ez daitezen lan egingo dugula nabarmentzen dugu Lekeitioko Udaletik.