Albisteak

 

BALORAZIOA
 

  • Euskal Zine Bilera eraberrituta agertu da.
  • “Aretoa Beteta” kartela jarri behar izan dugu atean sarri
  • Zine Euskadi Euskal Zine Bilerari atxiki zaio.
  • Datorren urtera begira, Bilera kontzeptua indartuko da: solasaldi, tailer eta ikastaroekin.

Marka guztiak hautsita agurtu da 36. Euskal Zine Bilera (EZB). Lekeitioko Udalak zuzentzen duen bileraren antolaketa taldea pozik dago, uste baitu aurten jarritako erronkak soberan bete direla. Edizio berritzaile bat aurkeztu dugu: euskara, zinemagintza eta bilera uztartu ditugu, eta aste betez euskal zinemagintzaren kai bihurtu da Lekeitio.

Martxelo Rubio, Iker Galarza, Nagore Aranburu, Anartz Zuazua, Ramon Agirre, Ainara Gurrutxaga, Pedro Otaegi… Euskal Herriko aurpegi famatuak pantaila handian ikusi ditugu hilaren 24tik 30era bitartean. Kamera atzean ere Mireia Gabilondo, Asier Altuna, Koldo Almandoz edota Iñaki Beraetxe legezko izen ezagunak aurkitu ditugu gidari. Baina izen eta abizenak dituzten aurpegiak ez ezik, baita zinemagintzan bidea egiten hasberri asko ere bildu dira Lekeition. Aurten euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko kaia izan da bilera. Guztira 50 ikus-entzunezkotik gora proiektatu dira.

Euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarra da EZB eta 36 urtetan tinko mantendu den jaialdia da. Urteetan lanean dihardutenen lana balioan jarri, eta elkarrekin buru-elarri beharrean ipini gara. EZBk dituen puntu ahulak eta indartsuak identifikatu, eta hobekuntzak proposatu ditugu. Ez da irudi aldaketa hutsa izan. Aldaketak sakonagoak izan dira, sarietan, sailetan, lehiaketaz kanpoko filmetan, ekitaldien antolaketan…. EZB eraberrituta dago.

Euskal zinegileek eman diguten erantzun bikaina izan da aurtengo aldaketetako lehen fruitua: 52 film aurkeztu dira EZBren lehiaketara; eta oro har, profesional zein amateurrek interes handia jarri diote bilerari. Ondoren, komunikabideetan izan dugun oihartzuna ere eskertzekoa izan da. Eta nola ez, herritarrek eta ikusleek ere EZB erabat babestu dute. Alde batetik herria zinez jantzi da; dendak, kartelak jarrita, zinez apaindu dira; eta ikusle kopuruak ere nabarmen egin du gora. Aretoa ikuslez gainezka izan dugu egunero, “beteta” kartela egun baten baino gehiagotan jarri dugu atean. Hasiera ekitaldia oso hunkigarria izan zen eta jendeak oso gustura jaso zuen Mireia Gabilondo, Karmele Jaio eta Iñigo Aranbarriren arteko zine solasaldia. Aste barruan zehar goizetan, haur eta gazteen arteko zine zaletasuna suspertzeko, pelikulak proiektatu dira Ikusgarri aretoan LH1-LH6 bitarteko ikasleentzat. Zinemagintza ere landu da ikastetxeetan, EZBren talde antolatzaileak hala aholkatuta.

Jende andana batu zen ordu bete lehenago EZBren amaiera ekitaldira sartu ahal izateko. Eneritz Artetxe izan genuen aurkezle sari banaketaren ekitaldian. Urtzi Iriondo musikariak saxofoi doinuekin baretu zituen urduritasunak, eta Circo el Sainete –k eta AnaKrusa dantza taldeekin dardara sentitu genuen guztiok. 

Urduritasuna nabarmena zen zinemagileen artean; eta azkenean Kote Camacho, zuzendaritza alorrean; Izebeñe Oñederra, ekoizpenean; Asier Altuna, gidoian; Koldo Almandoz, argazkian; eta Pello Gutierrez, film onenaren sailean izan ziren profesional mailako sarituak.

Aurtengo edizioak hauxe azpimarratu digu: euskal zinemagintza indartsu dagoela. Euskal ekoizpenen bilgune bihurtu da eta merezi duen euskarazko lanik ez dio ihes egin EZBri. Besteak beste Elkartea, Hotzanak for your own safety, Zela Trovke, Deus et machina, Abuztua eta aipamen berezia jaso zuen Sormenaren bide Ezkutuak filmak kalitate bikainaren erakusgarri dira. Baina epaimahaiek amateur lanen kalitatea eta zinegileen gaztetasuna ere azpimarratu dute. Itziar Canterok, zuzendaritza ataleko irabazleak; Khuruts Begoñak, ekoizpenekoak; Ander Parody-k, gidoikoak; Asier Sustaetak, argazkikoak; Oihan Vitoriak, film onenaren sarikoak; eta Josu Ximun Billalabeitiak, Gazte 22 sarikoak, erakutsi digute ziurra dela euskal zinegile belaunaldi berria. Beren izenak eta filmak (Gosea, Karramarroaren desira, Bosgarren segmentua, Aio, Etxehuts eta Eurie) tentuz jaso beharrekoak hemendik aurrera.

Aurten ere beren laguntza ematen jarraitu dute EZBk aspalditik dituen lagun erakundeek: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Topagunea. Aurten, egindako lanari eskez, zerrenda horri ZINEUSKADI gehitu zaio, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko produktoreen IBAIA eta EPE-APV elkarteek sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea. Elkarte horren xede nagusia da euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntza estrategikoa ematea, eta ildo horretatik, enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzen zaie Europa eta nazioarte mailan garatu eta zabaldu daitezen. Udalak eta Zineuskadik sinatutako hitzarmenaren helburua da bien arteko lankidetza kudeatzea, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak hedatu eta sustatzea eta 36. EZBren egitasmo bateratua antolatu eta garatzea. Hori dela eta, Zineuskadik aurten sei mila euro (6.000 €) jartzeko konpromisoa hartu du.

Aurtengo arrakastak eta laguntza berriak gure lanerako gogoak indartu dituzte. Sektoreko profesional askok zoriondu dute EZBren lantaldea. Epaimahaiaren aukeraketak, filmen kalitateek, lehiaketaz kanpoko zine solasaldiek… erreferentziazko leku bihurtu dute Lekeitio. Garrantzitsua da guretzat, halaber, zinegile belaunaldi gazte eta hasi berriek horrelako jaialdi batean lekua dutela sentiaraztea. Amateur, profesional eta zine zaleak biltzen ditugu. Euskal Herri osoko, Lea Artibai eskualdeko eta Lekeitioko zinegileak harremanetan jartzen ditugu sinergiak egiten. Euskal Herrian ibilbide gero eta sendoagoa egiten ari den zinemarako garrantzitsua da lan hori aitortzea eta euskal kulturari egiten dion ekarpenaz jabetzea.

Datorren urterako baina, ez zaizkigu ideiak eta lan egiteko gogoak agortu. Ibilbide luzea dauka EZBk, lan talde esperientziaduna eta berritzailea. Aurrera pausu dezente eman ditugu aurten, baina asko dugu egiteko. Bilera kontzeptua indartu nahi dugu datorren urtera begira. Lehiaketaz gain, euskal zinemagintzaren inguruko mahai-inguru, solasaldi, ikastaro edota tailerrak antolatzea da datorren urtera begira beste apustuetako bat. Jende asko gelditu da, halaber, ekitaldira sartu ezinik. Datorren urtera begira streaming bidez ekitaldia emateko aukera zabalduko dugu. Azken finean, tiraderan geratu dira aurtengo ediziora heldu ez diren ideia asko, datorren urtean gauzatuko direnak zalantza gabe, emaitza are eta hobeagoa izan dadin. Lekeitio euskal zinemagintzaren kai bihurtu nahi dugu, erreferentziazko leku. Uste dugu bide horretan goazela.