Albisteak

 

38. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabaldu da. Irailaren 13a izango da Euskal Zine Bileraren (EZB) lehiaketan ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna. Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarraren 38. edizioa da aurtengoa. Euskal zineak badu jada hitzordua, azaroaren 22tik 29ra bitartean. Euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra da Bilera.

Euskal zinemagile eta zinemazaleen bilera da Lekeitiokoa. Aurten ere film andana espero du Lekeitioko Udalak.

Lehiaketa
Euskal Zine Bilerak bi kategoria ditu lehiaketan: amateurrena eta profesionalena. Hain zuzen ere, euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzeaz gain, euskal zinemagile profesionalen bilgune ere bilakatu nahi du.

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen kategorian 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onena saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Iaz, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen filmak irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Unai Garateren Ordu Erdi filmak.

Nahikoa ez bada, EZBk, euskal zinegile gazteak ere bultzatu nahi ditu, eta horretarako sari berezi bat dugu: Gazte 22 saria. 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emango da. Iaz, Itsaso Echevarriaren “Positibatzea lanarekin jaso zuen Gazte 22 saria.

Iaz egin bezala, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du Antzar Morea eta  500€ko sariarekin. Kontuan hartuko da ere emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan. Udaleko Berdintasun batzordeak emango du saria.

Euskal Zine Bileran parte hartzeko ondorengo pausuak bete beharko dira: Lehenengo www.zinebilera.com orrialdean izen emate orria bete beharko da. Ondoren, Click for Festivals plataformara bideratuko zaitu eta bertan kontu bat sortu, fitxa bete eta pelikula igoko da kalitate onean. Amaitzeko, zure lana Euskal Zine Bilerara igo beharko duzu, bertan plataforman.

Hala ere, zuzeneko informazioa jasotzeko, telefonoak eta posta zabaldu du Euskal Zine Bilerak: 94 624 34 82 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com helbidea. www.zinebilera.com web orrialdean, informazio guztia eskegita dago.

Aukeraketa
EZBk 50 film baino ez ditu onartuko lehiaketan. Gehiago jasoz gero, Aukeraketa Batzordeak azterketa eta selekzio lanak egin beharko ditu. Horretan, profesional eta amateurren arteko oreka mantendu egingo da.

Babesleak
Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilerak aspalditik lagun dituen erakundeek bere horretan jarraituko dute aurten ere: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Zineuskadi eta Euskal Kalitatea. 


OINARRIAK