Albisteak

 

125 urte itxita egon den Abaroa gunea zabaldu dugu Lekeition. Auzolana izan da ekimen honen oinarria, udalak, gunea herritar guztientzako berreskuratzeko asmoa azaldu zuenetik. Horrela lorategiko auzolaneko kideek eta eskulan tailerrekoek hileak daramatzate gunea prestatzen. Egoera ekonomikoak Abaroa guneak eskatzen duen interbentzioa egiteko zailtasunak ematen ditu. Hala ere, lorategia behintzat epe motzean herriratzeko ahalegina egin dugu eta hori beste behin ere, herritarren auzolanaren bitartez gauzatu da.
 
1891ean eraikia, Jose Maria Abaroa lekeitiar bankariaren egoitza izan zen jauregia. 1940tik Agustindar errekoletoen egoitza izan da, 2004an udalak eraikina berenganatu zuen arte.

Abaroa gunea Lekeitioko erdigunean kokatzen da, herriko bizitza sozial, ekonomiko eta kulturala baldintzatzeko izugarrizko potentziala duen gunea da. Horregaitik, udalaren ustez, gunea herriak berreskuratu behar du baina horretarako ezinbestekoa da gunearen inguruko erabakiak ahalik eta parte hartze handienarekin hartzea. Legegintzaldi hasieratik, udalak Abaroa berreskuratu eta balorean jartzeko neurri ezberdinak hartu ditu.

Zentzu horretan, Lekeitioko udalak ohiko prozesu partehartzailetik haratago doan ekimena planteatu du: ikerketa ekintza parte hartzailea. Helburua lekeitiarrak prozesuaren sujetu bilakatu, Abaroa guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzea da. Nolako espazioa behar eta nahi dugu lekeitiarrok? Abaroa guneak funtzio bakarra edo anitza izan behar du?Nola berpiztu behar da abaroa? zein dira herritarrek eta herriko eragileek dituzten beharrak?nola antolatu eta asetu daitezke behar horiek abaroa gunean?nork kudeatu behar du? Gestioa konpartitua izan behar ahal da?

Abaroa Jauregia Lekeitioko eraikin garrantzitsuenetako bat izanda, ondarea biziberritzeko dauden kontzeptu eta tendentziak kontuan hartuz, nolako berpiztea eman behar zaion ere hasi da aztertzen udala. Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea, besteak beste eraikinak babes handiagoa izateaz gain, dirulaguntzetara jotzeko aukera gehiago daudelako. Horregaitik, 2012. urtean ikerketa bat abiarazteko lehen pausuak eman zituen, Ondare Lantaldearen eskutik. Hain zuzen ere, Arkitektura Garaikidearen Historian aditua den Gorka Perez de la Peña Oleagari eskatu zitzaion eraikinaren gaineko ikerlana. Ikerketa honetan, jauregiaren historia erakusten da, baita eraikinaren balioa ulertzeko gakoak. Behin ikerlana aztertuta, Udala Eusko Jaurlaritzara zuzendu zen dagokion espedienteari hasiera emateko eta lehenbailehen Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko Lekeitioko Abaroa jauregia.

https://www.youtube.com/watch?v=izAIQKOpUWA