Albisteak

 

2016. urtean Lekeitioko Udalak Abaroa Jauregiko teilatua konpondu ondoren, aurten 2017an, eraikinak eman ahal dituen erabilera aukerak mahairatuko dituen proiektua gauzatu nahi du.

Proiektua idazterako orduan laguntza teknikoa emateko lizitazio prozedura zabaldu zen otsailean, eta oraingoan proiektua zehaztu eta idazteko epea 9 hilabetekoa izango da. Epe honen lehenengo fasean herritarren parte hartzea bultzatuko da, Udalaren “Lekeitio Zeure Erara” ildoa prozesu honetan ere jarraituz.

Aurreko urteetan egindako prozesu parte-hartzailean jasotako informazioaz baliatuz, Abaroa Jauregiaren erabilera zehazteko lanketan aurrerapauso bat eman nahi da. Horretarako lantaldeak edo mahaiak antolatzen dabil Lekeitioko Udala, arlo ezberdinetan adituak direnekin, herriko eragileekin eta herritarrekin osatuak.

Lehenengo lan saioak ekainaren 6an eta 8an arratsaldez izango dira Barandiaran Aretoan. Hori dela eta, Lekeitioko Udaletik herritarrei dei egiten zaie prozesu honetan partehartzera.

Horretarako abaroajauregia@lekeitio.eus  e-maila zabaldu da interesa duen herritar orok izena eman dezan (Udaleko bulego orokorretan izena eman daiteke baita ere).

Apuntatzeko epea  maiatzaren 31ra arte da, berau barne.