Albisteak

 

Abaroa Kultur Jaia azaroaren 8an ospatuko da, Lekeitioko kultur, kirol eta eragile sozialen topaleku izateko asmoarekin. Goizeko 11:00etatk 15:00ak arte, tailerrak, erakustaldiak, azokak, musika emanaldiak eta txozna izango dira Abaroa Gunean. Katu Baltz egunarekin batera, Lekeitio jai erraldoi eta herrikoia zabalduko da. Aurten Katu Baltzeko pregoia ere, Abaroa Kultur Jaian egingo da, Abaroa Biztu asanbladaren partehartzearekin.

Hainbat kultur eta kirol taldek, artisauek, eragile sozialek babesa eman diote, Abaroa Kultur Jaiari. 

Goizeko 11:00etan lau tailerrekin hasiko da Abaroa kultur jaia: Kiroldegiko Dantza Eskolak, dantza ikastaro bat emango du, heldu zein umeentzat. Aittitta Txiki kultur elkarteak berriz hankapalu tailerra eta txalaparta tailerra. Azkenik umeei zuzenduta, arpegi margoketa tailerra eskeiniko dute Abaroa Biztuko asanbladako kide batzuk.

Bi azoka antolatu dira. Bat kultur talde, kirol talde eta eragile sozialen azoka izango da. Dagoeneko partehartzeko asmoa erakutsi dute Lekitto Bedarra taldeak, Sarek, Katu Baltz taldeak, Aisialde taldeak, Errigorak, Urpeko taldeak eta Isuntza taldeak. Azokak, Lekeition dauden ekimen ezberdinak batu eta erakutsi nahi ditu. Abaroa Biztu asanbladak ere, bere postua jarriko du azokan: martxan dagoen partehartze prozesua azalduko dute bertan eta azaroaren 21an egingo den abaroa berriaren proiektuaren aurkezpenera joateko gonbidapenak banatuko dituzte. Horrez gain, Abaroa Biztu asanbladak, bideo proiekzio bat ere egingo du, Abaroa Jauregia barrutik nolakoa den erakusten duena. Zentzu berean, Auzolan taldeak, ibilbide bat proposatuko du lorategian bertan. Asmoa, lorategiaren berreskurapenean egindako lana erakustea da eta beraien dinamika azaltzea.

Horrez gain 12 artisauek ere, sortzaileen azoka osatuko dute. Beraien azken lanak ikusi eta erosteko aukera izango da.

Abaroa Kultur Jaiak txozna bat ere izango du. Helburua, egunean bertan jana eta edaria emateaz gain, autogestioa ardatz, jaiaren antolaketan sortu daitezkeen gastuak ordaintzeko haina diru lortzea da. Goizean goiz gosariak eskeiniko dira eta ondoren pintxo eta edariak. Txozna gunea musika emanaldiekin osagarrituta egongo da: trikitilariak, korua, musika banda eta hainbat musika taldeen partehartzearekin.

Dantza ere ez da faltako Abaroa Kultur Jaian: etorkizuna dantza taldea eta  joalduna jaiaren parte izango dira. Gainera, arte erakusketa ere izango da Abaroako harresietan Mari Talako pintura taldekoen eskutik.

Abaroa Biztu ikerketa ekintza parte hartzailea
125 urte herritarrentzako itxita egon den Abaroa gunea auzolanaren bidez zabaltzeaz gain, berenok jaso behar duen proiektua herritarrek erabakitzeko ikerketa ekintza parte hartzailea habiatu du Lekeitioko udalak, Hiritik At taldearen bidez. Asmoa herritar guztion artean Abaroa gunea berreskuratzea da eta horretarako ahal denik eta parte hartze zabalena lortu nahi da.

Helburua lekeitiarrak prozesuaren sujetu bilakatu, Abaroa guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzea da. Nolako espazioa behar eta nahi dugu lekeitiarrok? Abaroa guneak funtzio bakarra edo anitza izan behar du?Nola berpiztu behar da abaroa? zein dira herritarrek eta herriko eragileek dituzten beharrak?nola antolatu eta asetu daitezke behar horiek abaroa gunean?nork kudeatu behar du? Gestioa konpartitua izan behar ahal da?

Udan hasi eta azaro amaieran amaituko da Hiritik At-ek zuzendutako ikerketa ekintza parte hartzailea. Asterokotasunez, 40 norbanako eta taldek baino gehiagok marrazten saiatu dira Abaroa Berria. Ilusio eta gogo handiz aurrera eraman den parte hartze prozesua izan da. Azaroaren 21an Abaroa Berriaren proiektua aurkeztuko dute herritar guztien aurrean.