Albisteak

 
Lekeition nabarmen egin du gora kirol arloak azken urteotan, eta Lekeitioko Udalak ezinbestekotzat jo zuen horren inguruan hausnarketa sakon bat egitea. Hausnarketa behin eginda, udalak premiazko ikusi zuen kirol zerbitzuaren kudeaketa, berrantolaketa eta zuzendaritza eramango duen teknikari bat kontratatzea. Horregatik, bada, udalak negoziazio bidezko prozedura bat aurrera darama, Kirol Erakundea kudeatuko duen enpresa edo autonomo bat kontratatzeko. Prozesua amaiera fasean dago eta hilabete honetan esleituko da.

Erakunde horren dinamizazioa eramango duen teknikariaren zereginak, beste batzuen artean, hauek dira: kiroldegiko zuzendaritzaz eta funtzionamendu egokiaz arduratzea, bertara atxikirik dauden giza eta material baliabideak antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea, zehazturiko politikak jarraitzea eta udalerriko kirol eremuetako programak eta jarduerak antolatu, dinamizatu eta garatzea.
Lekeitioko Udalarentzat prozesu hau garrantzitsua da eta kirol batzordeburu berria izendatu du, jarraipen zuzena egiteko. Batzordeburu berria Ainhoa Lopez Eiguren da.