Albisteak

 

Ikusgarri aretoak gainez egin zuen atzo, Euskal Zine Bileraren hasiera ekitaldian. Lehenengoz ospatu da hasiera ekitaldia, eta ordu erdi lehenago zine aretoaren kanpoko aldean ikaragarrizko ilara zegoen.
36. edizio honek aparteko erantzuna izan du, zinegileen aldetik ez ezik, baita zine zaleen aldetik ere.
 
Ekitaldia 19:30 puntu puntuan hasi zen, Iñigo Aranbarri, aterki bat eskuan zuela, oholtza gainera igo zenean. Aurkezle lanak egin, eta aurtengo edizioaren nondik norakoak aipatu zituen Iñigok. Ondoren, Mireia Gabilondok eta Karmele Jaiok Amaren Eskuak filma aurkeztu zuten. Lekeitiorekin lotura berezia duen filma dugu Amaren Eskuak. Karmele Jaiok eta Mireia Gabilondok azaldu zuten berezia dela filma Lekeition aurkeztea eta ikusleen iritzi zintzoa jaso nahi dutela. Ikus-entzuleak hunkituta geratu ziren filmaren amaieran eta eleberriaren egilea eta zine zuzendaria txaloz zoriondu zituzten.

Azaroaren 26etik aurrera Euskal Zine Bileraren film laburren Lehiaketa

Giroa berotuta dago jada Lekeition. Zine usaina du herriak egunotan eta aste guztian zehar horrela izango da. Aurten ere, aurretik ikusi gabeko film ugari eta beste jaialdi batzuetan estreinatutako edo saritutako hainbat lan eskainiko dituzte Lekeition. Euskal ekoizpenen bilgune da Euskal Zine Bilera. Azken finean, aurten euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra da bilera.

Bihar arratsaldeko 19:30ean hiru lan profesional, bi amateur eta Gazte 22 sailaren barruan aurkeztutako lan bat izango dugu ikusgai aretoko pantaila barruan zein kanpoan.

Profesionalen artean, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genuen Asier Altunaren Zela Trovke ikusi ahal izango da.  Antzinako melodia eslovakiarra jo eta kantatzen duen Holandako orkestra –eta bertako kide den Maite Larburu hernaniarra– du abiapuntu Zela Trovkek. Kritika saria irabazi zuen Altunaren lanak. Ea Euskal Zine Bileran ere ikusleak eta epaimahaia irabaztea lortzen duen!!!.  Eukeni Arriortua Barrenetxea durangarrak Aiko Taldea: Dantza Plazara aurkeztuko digu, musika eta dantzaz ez ezik, bizitzeko modu baten filosofiaz ere ari da film labur hau. Bestetik Txatxilipurdi elkarteak hiztunen arteko hesiak bota nahi dituen dokumentala aurkeztuko du lehiaketara: Hesiak gainditzen.

Amateurren artean bestetik, bi lan: bata Paula Besga Casamitjanaren Getxo: azala eta barrena filma, Getxo herri tradizionalari eta antzinako burgesiaren inguruko gogoetari buruzkoa; eta bestea, Khuruts Begoña Urrutia zumarragarraren Karramarruaren desira, 12 minutuko film laburra.

Azkenik sortu berri den Gazte 22 sailean, Itsaso Frau Terradillosen Badira Bagara lana ikusteko aukera izango dugu. Erriberan euskaraz bizitzeko ahaleginak kontatzen dituen filma.

Umeentzako zine emanaldiak

36. Euskal Zine Bilerak badu beste berrikuntza bat. Aurten, herriko ikastetxeetako neska-mutikoentzat euskarazko zine emanaldiak emango dira Ikusgarri aretoan. LH1etik LH6ra bitarteko ikasleei zuzenduko zaizkie euskarazko filmak. Bihar, azaroak 26, 10:45ean, Juanba Berasategik eginiko Barriola, San Adriango Azeria animazio filma  proiektatuko da. Orain dela berrehun edo hirurehun urteko Aizkorri aldeko bizimodua agertzen da istorioan: ikazkinak, olak eta bidelapurrak bereziki. Ostegunean berriz, azaroaren 28an, ordu berean Aita zonbia naiz eskainiko da, Digital Dreams Films eta Abra Producciones etxeek ekoitzi dutena ETBren laguntzarekin.